Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren «sale»-ak
Sale» hitzak ingelesez salmenta esan nahi du. «Sale» gaztelaniaz irten bezala itzul dezakegu. Salmenta zaleak irten. Hitz joko lerdoa eta hieroglifo tankera handiegia azaltzeko esan nahi dena.
Musika fisiko poteratu edo lataratutakoa gero eta gutxiago salduko da. Musika digitalaren irtenbideak ez du itxura baino saltzen. Mundu digitalaren fakturazioak igoera izan badu ere, musikari pastelaren zati txikiegia dagokio. Egun, digitalaren bidetik edozer saltzen baita. Musikaren salmentak ezin dira irten beherakadaren zaletasunetik.
Beti izan gaitezke musikazale musika erosi gabe, digitalizazioak hainbat aldaketa ekarri ditu baina «zale edo erosle?» ez da galderarik egokiena, beti izan baitugu eskuetan doako musika, urteetan kontsumitu dugu doako musika bai zuzenean, diskoetan edo herrietako jaietan.
Zenbat aldiz entzun dugu eskatu gabe nahi ez genuen musika? Eta zenbat aldiz derrigortu gaituzte musika entzutera nahiz eta zale edo erosle izan? Bizitza musikaz beteta dago. Nahi duenak har dezake, zale edo erosle. Beti izan gara zale, erosle, jarraitzaile edo musikaren jorratzaile.
«Hertzainak taldearen jarraitzaileak ez ziren musikazaleak; beste osagai batzuk zeuden garai hartan», esan berri du Gari abeslariak. Hertzainak taldearen jarraitzaileak ez badira izan musikazaleak, nor izan da zale? Hertzainak taldeak musika erakargarria egiteaz gain, zale asko batu zituen euren inguruan.
Garai hartako jarraitzaileetako batzuk dira egungo zale ere. Zaleak ez dira erosten, ez daude salgai. Jarrera ezin da saldu, sortu egiten da.