HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Urrea lortzeko formularen atzetik
Xabier ETXANIZ ERLE
Rita ezaguna da euskal irakurlearentzat. Mikel Valverdek sorturiko neskato bizi eta geldikorraren bederatzigarren liburua dugu hau, eta, aurrekoetan bezala, Rita abentura batean murgildurik ageri zaigu. Izenburuak berak markatzen du liburuaren nondik norakoa, alkimistaren ametsa urrea sortzeko formula izan da eta azaleko irudian ageri den Europa Erdialdeko hirian kokatzen da abentura.
«Egia al da kondaira guztiek Pragari buruz esaten dutena?» galderarekin hasten da Valverderen liburua, eta, horrela, ekintzen bidezko edo elkarrizketen bidezko kontakizunaren bidez jakingo dugu Rita Pragara joan dela oporrak osaba Danielekin igarotzera. Osaba, Daniel Bengoa irakaslea, ikerketa proiektu bat dela eta dago Pragan, gazteluan aspaldi bizi zen alkimista baten formula bilatzen ari dira, urrea lortzeko formula hain zuzen: «oso dokumentu arriskutsua (...) berealdiko boterea emango liokeelako jabeari. Inork inoiz amestu duen botererik handiena».
Rita zaleek suposa edo espero dezaketen bezala neskatoa ez da geldi egongo Pragan, osaba eta ikerlariak hiritik kanpo badaude ere, Rita osabaren lagun baten familiarrekin (aiton bat eta bi haur biki -gehi liburuan zehar garrantzi berezia hartzen duen Maria Elena karpa-) abenturen zurrunbilo eroan sartuko da, sartuko du irakurlea.
Filmetako eszena ezagunak eta abentura liburuetakoak gogora ekartzen dizkigun hainbat pasarte ditu obrak, arkeologiarekin zerikusia duten abenturak baina baita misterio eta beldurrezkoak. Valverdek istorio bizi-bizia eskaintzen digu, arin eta gustura irakurtzen dena, irakurlea harrapatzen duena eta protagonistekin batera gozatu, une larriak igaro eta hauen ateraldien konplize izatera eramaten gaituena; eta horretan itzultzailearen lana ere aipatzekoa da, ederki asmatu baitu disfruta dezagun abenturen gurpil horretan.