Julen MURGOITIO
Zabortegiak gogoan!
Zabortegiak sentitu ditut aste honetan albiste, edonondik, berba bera ia inon irakurri ez badut ere. Horra, jogurtetan iraungitze data jartzeko orain arteko betebeharra kendu egingo ei du gure beheko Estatu antzeko horrek. Hemendik horri leporatzea ere, arazoen aurrean mugiezin geratzea! Tira, zabortegira! Ustez halako neurriekin gutxitu egin gura dira horra botatzen diren jakiak. Bada bai, zenbat eta zabor kantitate gutxiago bota hara, kalitate hobekoa «tegia». Printzipio etikoa hori ere. Eta zoru etikotik baztertu gabe, noizko iraungitze data izango duten konstituzioak? Hemengo balizkoa izan zein hango erreala izan? Hortaz, eta hau kolpea!, iraungitze data ez duen edozein carta magna segituan bota beharko litzateke zabortegira, legez, jakinda ere «tegi» horren kalitate galtzeak hobera egingo lukeela, kasu honetan, handik kanpokoa. Gomazko pilotak ere bota beharko lirateke zabortegira, istripu ei dena berriro gerta ez dadin. Burua ipintzea ere halako pilota baten gorako bidean! Tira, harira! Uniformea uneoro gozatzen duten batzuk gai dira piloten goma erreziklatzeko, euren furgonetetarako gurpilak egiteko betiere. Helburua helburu. Ama, ama! ordenak ere beharko luke iraungitze data! Hau kolpea ere! pilotak eurenak izan eta arazoa besteon teilatuan ipini! Erreza dute gero besteenak ikustea eurena teilaturik altuena dutenean. Hain altu ezen pilotak gorantz botata ere gomak beherantz doazen, buru bila. Istripuz. Baina, istripuak istripu, zergatik Saileko buru berriek, euretariko batzuk etikagatik kale gorrian utzi ondoren, ez dituzte bideratzen trafikora brigada mugikorretako efektibo guztiak? Behingoz segurtasuna emango liokete Sailari.
Zabortegiak. Kale borroka ustez zabortegian zen honetan, horra! zabor borroka kalean! Hau kolpea! lehen zakarrontzien hondamena salatzen zuten batzuk orain ontzi hondatzaile bihurtuak! Atez atekoak ordenaren akabua ekarri beharko balu bezala! Are gehiago, jainko eta lege zaharren ordena bera! Ongi etorriak desobedientzia zibilera! Are gehiago, nor bere zaborraren ekoizlea dela ahaztuko ez balute! Ez bedi burua izan usteltzen lehena. Gaurko zaborrari iraungitze data ipini behar. Ene, ene! ez ote du ba esan hemengo popularren buruak garbantzu beltz batek ez duela jaki osoa kutsatzen? Monarkiaz ari zen. Horra, hasi legez amaitu gaurkoa, zabortegia gogoan.