Lur jausi batek Ermua eta Zaldibar arteko tren zerbitzua eten du
Ia etenik gabe egun guztian zehar botatako euriak zein elurrak arazo andana eragin zituzten atzo garraioan. Ermua eta Zaldibar arteko tren zerbitzua etenda izan zen goizean lur jausi baten ondorioz. Elurrak ere hainbat errepidetan arazoak sortu zituen, batez ere ibilgailu astunentzat.
GARA | BILBO
Ermua eta Zaldibar arteko ibilbidean izandako lur jausi baten ondorioz, tren trafikoa eten egin behar izan zuten atzo goizean. Ezbeharra goizeko hamarrak eta erdietan gertatu zen Donostia eta Bilbo batzen dituen trenbidearen 42. kilometroan, zehazki, Mallabian kokatutako tartean.
Itxura guztien arabera, azken egunetako euriek eragin zuten lur jausia. Euskotrenek aditzera eman zuenez, bidea egiten ari zen trenak ustekabean topatu zuen parez pare trenbidera eroritako lur guztia.
Trenak lurraren kontra tupust egin zuen arren, bertan zihoazen 40 bidaiariak eta gidaria onik atera ziren. Izan ere, inork ez zuen mediku arretarik behar izan. Ibilgailuak aurrera egiteko modurik ez zuenez, Ermutik bertaratu zen beste tren bat bidaiariak jasotzeko; ondoren, Bilborainoko bidea autobusez egin zuten. Istripuaren ondorioz, Ermua eta Zaldibar arteko bidea itxita geratu zen eta Euskotrenek autobusak jarri zituen bi herri horien arteko bidea egiteko.
Ez da Mallabian gertatutakoa azken orduetako eguraldi makurrak eragin duen gertaera bakarra izan, euriteen ondorioz, izan ere, bertan behera etorri zen ostiral arratsaldean Faltzes eta Miranda de Arga herriak batzen dituen errepidea. Ondorioz, errepidea itxita dago uneotan bi noranzkoetan.
Elurrak ere arazo ugari eragin zituen atzo errepideetan. A-15 autobidean, esaterako, Irurtzun parean eta Donostiarako noranzkoan zirkulazioa behin baino gehiagotan eten zuten atzo goizean, errepidean pilatutako elurra kentzeko. Beste hainbat errepidetan, berriz, auto gidariak ezinbestean jarri behar izan zituzten kateak. Opakuan, Urduñan, Bernedon, Herreran eta Elosun, esaterako. Errepide horiek guztiak itxi egin zituzten ibilgailu astunentzat.
Faltzes eta Miranda de Arga batzen dituen errepidea erabat itxirik dago. Euriak eraginda, errepidea hondoratu egin zen 25 metroko luzera duen tartean.