«Berrokupazioarekin» abiatu dute Gasteizko gaztetxearen 25. urteurrena
GARA | GASTEIZ
Urteurren borobila ospatu behar du hilabete honetan Gasteizko gaztetxeak. Izan ere, 1988ko apirilaren 28an, 300 bat lagun apezpikuaren jabegoko «lorazainaren etxera» sartu eta Gasteizko gaztetxea sortu zuten. Aurten, beraz, 25. urteurrena ospatuko dute.
Aitzakia horrekin hilabete osorako egitaraua antolatu dute. Ospakizunak abiatzeko, atzo, «Gaztetxea berrokupatu» ekitaldia egin zuten. Hala Fariñastik abiatuta kalejira egin zuten gaztetxeraino. Bertan, besteak beste, luncha, antzerkia eta kontzertuak zituzten iragarrita jaiari jarraipena emateko.
Urteurreneko ospakizunekin jarraitzeko astearterako iragarri dute hurrengo ekitaldia. Zehazki, «Fracking, apustu arriskutsua» izenburuko hitzaldia izango da. Hain zuzen ere, 19.00etan hasiko da.
Donapaleun, 6. urteurrena
Atzo, halaber, Donapaleuko Aldaka gaztetxeak bere seigarren urteurrena ospatuko zuen egun osoko egitarauarekin. Gauerako Kasik, On, Lotsagabe eta Zeze musika taldeen emanaldiak zeuden iragarrita egunari jai giroan amaiera emateko.