GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Mundaka ez, Gernika

Izen-deiturek norberaren historia adierazten dute, baita abizenik ez dagoenean ere, baina ez dute inondik inora izaera edo naziotasun jakin bat adierazten Gaur 40 urte betetzen dira Pablo Picasso pintore famatua hil zela. Paregabeko artista bikain honek, euskaldun guztion deiturak batu eta hitz bakar batean bildu zituen: Gernika.

Surflari Ernegatua

Pasa den astean nire burua aurkeztearekin batera nire izen-abizenak aditzera eman nituen. Hainbeste abizen euskaldun izateak nire lagunak harritu ditu. Horren harira, lagun batek zera esan zidan: bere sendia Bermeokoa zela eta han, sarri, abizen euskaldunak eta erdaldunak partekatzen zirela. Izan ere, 1912an izan zen enbata batek Bermeoko 119 arrantzale hil ostean herriko emakumeek erdaldunekin ezkondu behar izan omen zuten. Edonola ere, izen-deiturek norberaren historia adierazten dute, baita abizenik ez dagoenean ere, baina ez dute inondik inora izaera edo naziotasun jakin bat adierazten.

Surf munduan, bada distira bereziz dir-dir egiten duen izen bat: Eddie Aikau. Waimeako lehen sorosle eta surflari bikain hau surf erreportaje anitzetan aipatzen dute. Edo, hobeto esanda, hawaiiar hartaz eman nahi duten irudi jakin bat da aurkezten dutena. Ez du izen-deitura anglosaxoirik, baina ezta haren arbasoen berri eman dezakeen deiturarik ere.

Aikau surflari bikaina zen. Itsasoa maite zuen eta itsasoak eraman zuen. Baina Aikau, surflaria baino lehenago pertsona zen, hawaiiarra zen, eta bere bizitzaz zein bizipenez idatzi eta mintzo direnen arbasoek zapaldu zuten kultura bat zekarren zainetan, nahiz eta haien arrastorik ez izan, ezta bere abizenetan ere. Hil zen egunean, kultura hura berreskuratze lanetan ari zen. Beraz, gustatu ala ez, Eddie Aikau, surflaria baino lehenago, militantea zen.

Hawaiiar gisa zapalketa ezagutu zuen. Bere aitak, esaterako, bertako askok bezala, ez zeukan boza emateko eskubiderik. Halako aferek, ziur aski hainbeste maite zituen Waimeako olatuek baino gehiago ukitu zuten bere izaera. Zerbaitek hunkitzen zuen. Hil zen egunean ez zen itsasoratu ozeanoa maite zuelako bakarrik, ekintza politiko bat aurrera eramateko ardura zuelako baizik.

Niri ere antzeko zerbait pasatzen zait; modu apalagoan, noski. Alegia, surflari gisa existitzen naiz, irrati elkarrizketa eta antzekoetan parte hartzera gonbidatzen naute. Hain zuzen ere, bere eskubide zibil eta politikoak urratuak dituen pertsona gisa erabat ezabatzen nauten komunikabide eta komunitateek. Surflari gisa banaiz, pertsona gisa ez.

Eddie Aikauk ezagutzen ez ditugun deitura andana izango zituen, baina zer axola dute izen-deiturek surflari batez mintzo garenean? Surflaria bada, maite duen hori ezin daiteke herri bat izan, urautsi bat baizik. Beraz, ikuspegi horren arabera, Surflari Ernegatuak ere, izen-deitura gabeko surflari den heinean, Mundaka eta antzeko urautsiren batean izan beharko luke bere mikroaberria, baina, egiaz, ez da horrela.

Gaur bezalako egun batean, 1973. urtean, hil zen Pablo Diego Jose Francisco de Paula Juan Nepomuceno Maria de los Remedios Cipriano de la Santisima Trinidad Ruiz y Picasso. Alegia, gaur 40 urte betetzen dira Pablo Picasso hil zela. Paregabeko artista bikain honek, euskaldun guztion deiturak batu eta hitz bakar batean bildu zituen: Gernika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo