GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Erlezain Eguna

Asiako liztorraren gaziak ahoz aho, ezti gozotan goxatu dira Zegaman

Erlearen eta erlezaintzaren inguruan ibiltzen direnak Zegaman batu ziren atzo. Gozo zegoen Aizkorri magaleko herria, eztitan. Gazi bakarra bertaratutakoen artean ahoz aho zebilen Asiako liztorrak jarri zuen. Izan ere, Asiako liztorrak erlategientzako suposatzen duen mehatxua ondo gogoan, euria eten eta erleak berriz lanean noiz hasiko zain daude erlezainak.

p020_f02.jpg

Maider EIZMENDI

«Erle erregina 8 urte nituenerako ezagutzeko gai nintzen; etxean bizi zen osabak irakatsi zidan eta nolabait beti egon naiz erlezaintzari lotuta». Hala mintzo zen Fermin Zinkunegi Igeldoko erlezaina atzo Zegaman, urteko erlezainei egindako omenaldia hasi aurretik. Aurten berari egokitu zaio Migel Joanikotena lasartearrarekin batera aitortza hori jasotzea, eta, garrantzia kendu izan nahi bazion ere, gustura eta irribarretsu ageri zen.

Bestelako aldartea erakutsi zuen, ordea, Asiako liztorrak erlategietan izandako eraginaren inguruan galdetutakoan: «Nik 40 urte daramatzat erlategiekin eta ez dut orain artean horrelakorik ezagutu». Iazko abuztutik negua iritsi bitartean liztorrak erlategien atarian pilatu ziren, eta haien erasoen beldur erleak apenas irten ziren polinizatzera. «Zalabardoarekin aritu naiz ni liztorrak harrapatzen eta okertzeko beldurrik gabe diot milaka akabatu ditudala».

Zinkunegirekin batera omendu zuten Joanikotena lasartearra ere. Zazpi urte daramatza jada erlezain gisa, eta, erlei dien estimuagatik, haiek zaindu eta eztia jaso baino zeregin hoberik ez duela topatu dio libre duen denborarako. «Etxean potoa zabaldu eta eztia dastatzean, egindako lan guztiak ahazten zaizkik niri», onartu du, erlategi gehiago jartzeko duen asmoa erakustearekin batera.

Erlezaintza maitatuagatik, iazko udazkenean erlezain askoren artean etsipena nagusitu zela aitortu du Gipuzkoako erlezainen elkarteko idazkariak, Ainhoa Tolosak; «baina, hori bai, erlea indartsu dago eta hura lanean ikusten dutenean erlezainak animatu egiten dira», gaineratu zuen.

Tolosaren esanetan, Asiako liztorraren mehatxua ez da erlategiek jasaten duten bakarra. «Liztorra ikusi egiten dugu, baina barroa ezkutuan aritzen da triskantza egiten», zehaztu zuen. Haren aurkako tratamenduak izan badira, «baina, erlearen munduak diru askorik ematen ez duenez, ez da askorik ikertzen eta arazoa da egungo tratamenduei erresistentzia sortzen ari dela».

Itxaropenik galdu gabe, erlezaintza oraindik orain indartsu dagoela nabarmendu nahi izan zuen elkarteko ordezkariak eta horren frogatzat jo zuen «antolatzen diren erlezaintza ikastaroetan jendea lekurik gabe» gelditzen dela.

Erlezain Egunaren baitan Gipuzkoako XV. Ezti Lehiaketa ospatu zuten atzo. Hiru modalitatetan lehiatu ziren: ezti iluna, ezti argia eta milalore eztia. Lehenean Joxe Mari Eizagirre aizarnarrak irabazi zuen, bigarrenean, Aitor Barandiaran andoaindarrak, eta, hirugarrenean, azkenik, Miguel Berriri irundarrak.

Eztia dastatzen

Ez da erraza eztien artean hoberena aukeratzea, norberaren gustuak ere zeresana baitu. Hala frogatu ahal izan zuten Gipuzkoako Erlezain Elkarteko presidente Julian Urkiolaren esanetan ezti dastatze gidatuan parte hartu zutenek. Izan badira, ordea, neurgarriak diren parametro teknikoak, besteak beste, eztiaren hezetasuna. «Erleek esaten dute eztia noiz dagoen prest ateratzeko; lehenago ateratzen bada, eztiak ur asko izaten du eta hartzitzeko arriskua izaten da», azaldu zuen Tolosak.

Erleek mezua irakurri eta eztirik gozoena jasotzeko helburuarekin egiten dute lan Eugenio Elorza eta Ageda Zeberio segurarrek. Orain 40 urte hasi ziren lanean erleekin, «urdailerako senarrari eztia hartzeko agindu ostean». Azken urteotan eztia saltzetik bizi izan dira. Erlategiek egun Asiako liztorrarekin bizi duten mehatxuari erreparatu bazion ere, eztiaren inguruan dagoen ezezagutza da, Zeberioren esanetan, duten arerio nagusia. Gozatzeko balio du, indarra hartzeko eta Zegamako kiroldegira bertaratu zirenek dastatu ahal izan zuten moduan, gozo ederrak egiteko ere bai.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo