GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Ezuste ugari izan dira bigarren jardunaldian

Kañamares III.a, Resano, Alkizalete II.a eta Eneko Otaño dira sailkatu direnak.

p038_f01_97x133.jpg

Jon LEUNDA

Julen Kañamares, Iban Resano, Eneko Otaño eta Alkizalete II.a sailkatu dira Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketara. Zerainen eta Bilbon jokatu dira asteburuko azken bi jardunaldiak.

Bi ekinaldietan lan bera izan zuten aizkolariek. Lehen fasean 45 ontzako enborra moztera lehiatu ziren. Bigarrengoan kana-erdiko bana moztu behar izan zuten, eta azkeneko fasean 60 ontzako bana ebaki behar izan zuten aizkolariek.

Kirolariak elkar kanporatzen joan ziren, eta Zeraingo ekinaldiko azkeneko fasera Kañamares III.a, Jauregi, Resano eta Zaldua sailkatu ziren. Hemendik bi sailkatzen ziren, eta bik kanpora joan behar zuten. 60 ontzakoa mozten Kañamares III.ak Jauregi hartu zuen mendean, eta Resanok Zaldua menderatu zuen, ezustea emanez. Bi irabazleek lortu zuten hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.

Atzo, berriz, Bilbon jokatu zen saioa, Santutxu auzoan, eta Alkizalete II.ak eta Eneko Otañok lortu zuten garaipena. Agian ez ziren aurrera egiteko bi faboritoak, baina biek lortu zuten aurrera egitea, itxura ona emanez.

Mugertza III.a, atzoko faborito nagusienetakoa, Eneko Otaño, Alkizalete II.a eta Eneko Saralegi izan ziren azken saiora sailkatu ziren lau aizkolariak. Alkizalete II.ak Mugertza III.a menderatu zuen azkeneko proba honetan, 60 ontzakoa mozten minutu erdiko tartea kenduta. Beste norgehiagokan, berriz, Eneko Otaño eta Eneko Saralegi lehiatu ziren, eta Beizamakoak lortu zuen garaipena, minututik gorako aldea kendu baitzion azkeneko lanean, 60 ontzakoa mozten, alegia. Eneko Otaño eta Alkizalete II.a pasa den astean ere aritu ziren, eta hirugarren kanporaketa jokatzeko moduan izango dira.

Atzoko azkeneko proban lehiatu ziren Eneko Otañok eta Eneko Saralegik, gainera, 23 urtez azpiko lehiaketan ere aritu beharko dute, biak adin horretan sartzen baitira. Maila horretan txapela lortzeko faboritoen artean dira bata zein bestea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo