GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartu nahi dugu»

p019_f02.jpg

Nestor Esteban
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

Larunbat honetan Euskaraz Bizi Eguna izanen da Agoitzen eta EHEk denak animatzen ditu parte hartzera, herri euskaldun baten bidean bertze mugarri bat jartzeko. Autobusak antolatzen ari dira han eta hemen, jaia eta aldarrikapena uztartuz ekialdeko txoko honetan egun eder bat pasatzeko.

Maider IANTZI | IRUÑEA

Kontu orokor guztiak ongi bideratuta, azken gauza txikiak lotzen harrapatu dugu Nestor Esteban EHEko kidea. «Gustura eta gogotsu» daudela dio, prestaketetan eragile mordoak hartu du parte eta Agoizko Udalarekin ere hagitz eskertuta daude, «Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!» lelodun ekimenarekin erabat bat egin duelako.

Zein da egun honen xedea?

Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzen joatea da helburu nagusia. Euskaraz Bizi Eguna izena hartu aurretik, sei urtez Hizkuntza Eskubideen Eguna deitu zen eta ez zen izen aldaketa hutsa izan, atzean hausnarketa bat zegoen. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiten dugun heinean, norbanakotik hasita kolektibora, aldaketak eragin ditzakegu. Bide batez, garenaren harrotasun hori kalera atera nahi dugu, herri euskaldunaren aldarrikapenaren berri eman, ideia hori zabaldu.

Joan den urtean hiriburu batera, Donostiara salto egin zenuten eta jendeak hagitz ongi erantzun zuen.

Lehenengo urtean, 2010ean, Etxarri-Aranatzen egin genuen, hurrengoan Gernika-Lumon, eta iaz salto handi bat egin genuen hiriburu batera. Aurten, Euskal Herriko ekialdea hautatu dugu, Agoitz. Herri honetan EHEko taldea sortu zen orain dela urte eta erdi, eta halako egun bati aurre egiteko baldintzak bazeudela ikusi genuen. Euskal Herri osoa indartu behar da, baina ekialde hori berpizte aldera apustu interesgarria iruditu zitzaigun.

Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin aritu zarete.

Ekialdea oso aberatsa da herri mugimenduari dagokionez. Gu ere herri mugimendua gara eta auzolanean funtzionatzen dugu. Hala antolatu dugu egun hau ere eta egitaraua osatze aldera bertako eragile sozialekin, kulturalekin eta euskalgintzarekin lan egin dugu.

Horren erakusgarri, egitarau oparoa.

Egitarau zabala prestatu dugu, euskaldun ororentzat, adin ezberdineko jendearentzat. Goizetik hasiko gara txupinazoarekin. Erraldoien Topaketa izanen da, dianak, buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, abesbatza, burrunba, dantzariak, txistulariak, txaranga, haurren txokoa, herri bazkaria, Tximeletarekin dantzaldia... Seietatik aurrera eginen den kalejira aldarrikatzailea nabarmenduko nuke, «Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!» leloarekin. Jendetsua eta koloretsua izatea espero dugu.

Lelo berezia duzue. Zer dago horren gibelean?

Orain dela pare bat urte Etxarriko EHEk, Euskara Batzordearen eta Udalaren laguntzaz, tailer bat antolatu zuen euskaldunok egunero bizi ditugun traben aurrean egin beharrekoaz pentsatzeko. Herrialde Katalanetatik datozen tailerrak dira. Bahama uharteetan, apartheid garaian, beltzak espaloitik jaisten ziren zuriekin gurutzatzen zirenean, baina ez zuten hori egiten beste beltz batekin topatzean. Herri Katalanetara eraman zuten ideia. Euskal Herrian ere askotan bide horretatik jo dugu, erdaldun batekin edo erdaraz mintzatzen den euskaldun batekin elkartzean euskararen espaloitik jaitsiz. Kanpaina bat egin zen Etxarrin ideia horrekin eta orain «Euskaraz bizi!» gehitu diogu lelo horri.

Lakuak 2005etik aurrekonturik murritzena bideratu du euskara sustatzera, iaz baino hamar milioi gutiago. Zein irakurketa egiten duzue?

Murrizketak martxan dauden hizkuntza politiken isla dira, eta hauek errotik aldatzen jarri beharko genituzke indarrak. Ez dute euskara lehentasun eta ez dute honen ezagutza bermatzen. Hizkuntza politika burujabe bat dugun heinean izanen da aldaketa benetakoa. Lakuako Gobernuaren, Nafarroakoaren edo frantses Gobernuaren hizkuntza politiketan euskaldunok menpekoak, bigarren mailakoak gara, erdarak dira nagusi. Benetako aldaketa nahi badugu, euskararen ezagutza bermatuko duten politikak beharko ditugu, lehentasuna eman eta ofizialtasuna aitortuko diotenak. Euskaraz bizitzea ahalbidetuko dutenak, propio eta burujabeak.

Bestalde, aktualitatearekin segituz, momentu honetan oso garrantzitsuak ikusten ditugu eta guztiz bat egiten dugu Aberri Egunaren bezperan, Enbata mugimenduaren 50. urteurreneko ekitaldian, Itsasun Amets Arzallusek egin zituen adierazpenekin. «Batzuek diote hizkuntzaz ari naizelarik integrista bat naizela. Talibana ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koherentea izateari talibana esaten zitzaionik», esan zuen.

Spot desberdin bat erabiltzen ari zarete jendea animatzeko.

Jakin genuen Agoitzen badela artista bat, Txema Esteban, hondar alez marrazkiak egiten dituena eta berarekin egin genuen spota. Zerbait berria egin behar genuela pentsatu genuen. Euskal Herrian behintzat berria da, euskalgintzan are gehiago. Arrakastatsua izan da, bisita nahikotxo izan ditu eta horrekin pozik gaude.

 

EKIALDEA

«Agoitzen orain urte eta erdi sortu zen EHEko taldea eta ekialde hori berpizte aldera apustu interesgarria iruditu zitzaigun eguna antolatzea»

kalejira

«`Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!' leloarekin eginen den kalejira nabarmenduko nuke. Jendetsua eta koloretsua izatea espero dugu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo