GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Zelula-mintzen bat egitea eta zatiketa bertze ikuspegi batetik ikusteko aukera

p018_f02.jpg

GARA

Euskal Herriko Unibertsitateko Biofisika Unitateko Mintzen Nanomekanika taldeak zuzendutako ikerketa bati esker, zelula-mintzen zatiketaz arduratzen den proteina baten funtzionamendua karakterizatu ahal izan da. «Science» aldizkari ospetsuan argitaratutako emaitzek aukera ematen dute zelularen biziaren oinarrizko mekanismoak, hala nola zelula-mintzen bat egitea eta zatiketa, bertze ikuspegi batetik ikusteko. Landutako metodologiari esker, patologia neuromuskular batzuk diagnostikatu ahal izanen dira.

Unibertsitateko iturriek azaldu dutenez, zelulek proteina espezializatu batzuk dituzte mintzak batu (fusioa) edo bereizi (fisioa) ahal izan daitezen kanpo-ingurunetik babesteko eginkizuna galdu gabe. Proteina espezializatu horietako bat dinamina da; bera arduratzen da besikula endozitikoetako lepoen konstrikzioaz eta fisioaz. Dinaminaren ezaugarri nagusietako bi kurbadura altuko mintzak (besikula-lepoak) mihiztatzeko eta GTP molekulen barnean metatutako energia erabiltzeko ahalmena dira. GTP izeneko konposatu kimikoak -guanosin trifosfatoaren laburdura da- zeregin garrantzitsua du zelulen metabolismoan.

Orain arte, uste zen dinaminak GTPen energia baliatzen zuela besikularen lepoan konstrikzio handia lortzeko eta, hala, fisioa eragiteko. Hala ere, Vadim Frolov Ikerbasqueko irakasleak zuzendutako ikerketari esker, lehen aldiz lortu da dinaminaren fisio-ekintza karakterizatzea eskala nanometrikoan eta denbora-bereizmen handiarekin. «Dinaminaren unitate funtzional minimoa karakterizatzea lortu dugu», dio Frolovek. Dinaminak mintza bereizteko erabiltzen duen prozesua bi alditan banatu ahal izan da. Lehena, guztiz mekanikoa, besikularen lepoaren konstrikzioari dagokio; bigarren aldian, dinaminak zentro katalitiko gisa jokatzen du, bere domeinuetako batzuk mintzaren barnean sartuz.

Zuzendariaren iritziz, lan honek ikerketa-lerro berri bat abiarazi du Mintzen Nanomekanika taldearen barnean eta aukera eman du dinaminaren ekintza denboran eta espazioan doitasun handiz karakterizatzeko metodoa definitu eta garatzeko. «Orain, nanohodi lipidiko batean zeharreko ioi-iragatea neur dezakegu, eta, aldi berean, fluoreszentzia-mikroskopiaren bidez behatu. Horren emaitza da teknika bat aukera ematen duena oso prozesu azkarrak oso eskala txikian karakterizatzeko». Teknika honi esker, aztertu ahal izanen da zergatik eragiten dituzten dinaminaren mutazio txikiek zenbait giza patologia; adibidez, patologia neuromuskularrak.

Errusiako Zientzia Akademiako Kimika Fisiko eta Elektrokimikako Frumkin Institutuko, Texasko hego-mendebaldeko Unibertsitateko eta AEBetako Osasun Institutu Nazionaleko kideek parte hartu dute ikerketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo