GARA > Idatzia > Kultura

Fracke

Irati JIMENEZ Idazlea

Hamar urte zituenean, aitak abandonatu egin zituen bera, hiru arrebak eta emaztea. Atzean utzitako zorrak dibortziatzeko ere dirurik gabe zegoen emazteari iritsi zitzaizkion. Esmokin beltzez jantzitako kobradoreen jazarpena etorri zen orduan, eta desjabetze agindua ondoren. Seme-alabek enkantean erosi behar izan zuten etxea, azkenean, ahaideen diruarekin. Hogeita hamar urte ditu orain semeak, eta atzo «escrache»-aren kontra hitz egin zidan. Haren kriminalizazioaren kontra, edo hobe esanda, hitzaren kontra. «Trajedun gizona gurera etortze hori zer zen ba?», esan zidan, negar-amorrutan ia-ia.

Etxeen desjabetzea baino lehen hitzena egiten digute. Demokratek eta biolentoek egin ziguten, demokraziaren indarkeria zein demokraziarako indarkeriazko bidea ukatuz. Konstituzionalistak eta abertzaleak etorri zen gero, konstituzionalismoaren aberria zein abertzaletasunaren konstituzio egarria ukatuz. Orain dena egin nahi dute «escrache»: egoitza baten azpian elkarretaratzea, politikari bati haren jardunaz galdegitea, etxe baten tinbrea jotzea, inori ardurak eskatzea.

Kontuz. Hamar urteko umea esmokinarekin jazartzea legezkotzat dutenei ezin diegu opari hau egin. PPko egoitzaren aurrean protestan batzeari «escrache» etiketa onartzen badiogu, zigor kodearen artikulu berrirako oinarria jarri dugu, enkarteladak seinalatu dizkiegu, hitzaren etxeari hipoteka jarri diogu, eta haien lexikoaren zorpeko bihurtu gara, geure ordezkaritzaren zordun direnean.

Egin dezagun kontrakoa. Lexikoaren borroka galdu beharrean irabaz dezagun estetikarena. Goazen esmokinarekin protesta egitera. Dei diezaiogun fracke. Beti izan da legezkoa. Galde diezaiotela bestela hamar urteko mutiko izutuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo