GARA > Idatzia > Mundua

Heriotza zigorrak elkarren «etsaiak» diren herrialdeak batzen jarraitzen du

Ia 700 pertsona hil zituzten iaz munduko 21 herrialdetan heriotza zigorra ezarrita, Amnesty Internationalek atzo aditzera eman zuenez. Saudi Arabia, Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Irak eta Iran dira beste behin ere zigor mota hori gehien erabiltzen duten herrialdeak.

GARA | MADRIL

Amnesty Internationalek (AI) atzo aurkeztu zuen txosten baten arabera, 2012an ia 700 preso hil zituzten heriotza zigorraren bidez. Munduko 21 herrialdetan gertatu ziren halako exekuzioak. Datu hori 2011ko bera bada ere, 2003koarekin alderatuta, behera egin du, urte horretan, exekuzioak 28 herrialdetan egin baitziren.

Heriotza zigorra gehien ezarri zuten herrialdeen artean, Saudi Arabia, Txina, AEBak, Irak eta Iran daude, «beste behin ere». Iranen, esaterako, 314 exekuzio izan ziren, eta AEBetan, 43. Heriotza zigorra ezarri zuten estatuak bederatzi izan ziren, 2011n baino lau gutxiago.

Halere, aspalditik presorik hiltzen ez zuten zenbait herrialdek berriro exekuzioak indarrean jarri dituztela ohartarazi zuen, hala nola Gambia, India, Japonia eta Pakistan. Gambian esaterako, abuztuan bederatzi preso hil zituzten, lehen aldiz 30 urtean. Nazioarteko protestak direla eta, heriotza zigorra behin-behinean bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuen Yahya Jammeh presidenteak.

«Kezkagarritzat dugu Iraken izandako gorakada. 2011n 68 pertsona hil zituzten, eta 2012an, berriz, 129», adierazi zuen Salil Shettyk, erakundeko idazkari nagusiak.

Aipaturiko herrialde horietan atzerapausoak egon badira ere, «mundu mailan heriotza zigorraren kontra dagoen jarrera» goraipatu zuen Shettyk.

«Munduko herrialde askotan, heriotza zigorra iraganeko kontua da. Egun, hamar herrialdetik batean bakarrik dago indarrean. Herrialde horietako agintariek beren buruei galdetu beharko liekete zergatik jarraitzen duten horrelako zigor krudela erabiltzen, munduko beste herrialde batzuek ezartzeari uko egin diotenean», esan zuen. Nabarmendu zuenez, heriotza zigorrak ez ditu delituak murrizten. «Ez dago inola ere frogatuta disuasio neurri gisa balio duenik. Heriotza zigorraren aldeko gobernuak, beraz, argudiorik gabe gelditu dira», gaineratu zuen.

«Heriotza zigorra erabiltzearen benetako arrazoia bestelakoa da. Herrialde batzuetan helburu politikoak dituzte, edo errepresioa zabaltzeko beste modu bat da. Eta horrek kezka handia sortzen digu», nabarmendu zuen Shettyk.

Eman zituen datuen arabera, 2012an gutxienez 682 exekuzio izan ziren, 2011n baino bi gehiago. 58 herrialdetan sinatutako 1.722 heriotza zigorren berri izan zuela zehaztu zuen AIk. 2011n, 1.923 zenbatu zituzten, 63 herrialdetan. Ohartarazi zuenez, Txinako datuak ez daude barne, «Gobernuak sekretupean gordetzen baitu heriotza zigorren kopurua», Bielorrusiakoak bezala.

texasen

Texasen, Ameriketako Estatu Batuetan, 50 urteko Rickey Lynn Lewis presoa hil zuten atzo injekzio bat ipinita. Duela 22 urte hiltzera zigortu zuten, gizon bat hiltzeagatik eta bere emaztegaia bortxatzeagatik. Berak ez zuela horrelakorik egin adierazi du beti urte guzti hauetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo