ESKALADA Lehia
Antton Zabala eta Ekaitz Maiz irabazle Terradetseko Rallyan
12 orduko eskalada lehia hilaren 6an jokatu zen, eta euskal sokadak, guztira, 1.705 metro eta zazpi bide eskalatu zituen. Beste kategorietan errusiarrak nagusi izan ziren. Reginako 24 orduetan, berriz, Roy de Valerak eta Javier Martinek irabazi zuten.
Andoni ARABAOLAZA
Hil honen lehenbiziko asteburua berezia izan zen oso Terradetseko paretetan. Hainbat eskalatzaileren elkargunea izateaz gain, Bagasses zein Reginako hormatzarretan eskalada lehiak izan ziren. Lehenbizikoan 12 orduko Rallyaren laugarren edizioa jokatu zen; Reginan, berriz, 24 orduko lehen norgehiagoka.
Nahiz eta hitzordu horietan katalanen presentzia nabarmena izan, euskal ordezkari batzuk ez ziren kikildu. Hainbat sokadak hartu zuten parte eta, oro har, lan txukuna egin zuten. Terradetseko Rallyan, adibidez, Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek osatutako sokada nagusitu egin zen. Eta nola nagusitu gainera! Guztira, hamabi orduko lehian, 1.705 metro eta zazpi bide eskalatu zituzten. Horrela bada, FEDMEk antolatutako Eskalada Rallyen Ligako lehen proba irabazi dute.
Zabala eta Maiz, berez, ez dira izaera horretako lehiatan espezialistak, baina apirilaren 6an ondo baino hobeto erakutsi zuten zer den estutzea eta dena ematea. Zabalak lehen aldia zuen lehia hauetan; Maizek, berriz, bigarrena. Etxauriarrak iaz Rigloseko Rallya ere irabazi zuen.
GARAri azaldu diotenez, ez zuten asmorik «eskalada lasterketa» horretan parte hartzeko, baina Tech Rock taldeko ordekariak direnez, Terradetsen azaldu ziren: «Pare bat egun lehenago Bagassesen azaldu ginen, pareta, hango bideak eta jaitsierak ezagutzeko. Uste dugu indarrean jarri genuen planifikazioa zein estrategia eraginkorrak izan zirela; irabazteko giltza izan ziren».
24 sokadak eman zuten izena eta 23k lortu zuten bukatzea. Tartean, Errusiako Mendi Federazioko ordezkariak ziren. Hain zuzen ere, bigarrenak Vladimir Gunko eta Pavel Blasenco izan ziren. Ehun metro gutxiago eskalatu zuten, baina, puntuaketan, euskal sokadatik urrun geratu ziren. Izan ere, bide bakoitzak (zailtasuna eta beste eite batzuk tarteko) puntu zehatz batzuk zituen.
Errusiarrak aipatu ditugu, eta gehitu behar dugu, halaber, sailkapen mistoan zein emakumezkoetan Errusiako Federaziokoak gailendu zirela; Tatiana Dmitrievskaya eta Alexander Kayachevs mistoan, eta Yulia Terentyeva eta Alena Andreeva nesketan.
Antolatzaileek argitu nahi izan dute, eskalada lehia bada ere, eskalatzaileen topagunea dela rally hori. Azpimarratzekoa Salvador Rivasen parte hartzea; izan ere, 77 urte ditu!
Reginan ere bai
Bagasseseko murruaren ondoan Reginakoa dago, eta han, lehen aldiz, 24 orduko Bertikal Jaialdia ospatu zen. Terradetsekoa baino hamabi ordu gehiagokoa. Jakina, Bagasses eta Regina artean bada ezberdintasunik. Lehena ekipatuta dago, eta bigarrenean nork bere burua segurtatu behar du. Horregatik hamabi ordu gehiago irauten ditu.
Sei sokada lehiatu ziren, baina denek ez zuten bukatzeko aukerarik izan. Eta berriro ere euskal ordezkariak ikusi ziren. Alabaina, ez ziren garaipenetik gertu ibili. Irabazlea Roy de Valerak eta Javier Martinek osatutako sokada izan zen.