GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

ALPINISMOA Seitik sei

Ezohikoa izan bada ere, erabaki zuzena hartu dute Urrezko Pioleta sariketan

Nazioartean dagoen alpinismoko sari entzutetsuenak apirilaren 3tik 6ra banatu ziren Chamonix eta Courmayeurren. Epaimahaiak sei hautagaiak saritzea erabaki du; hots, Urrezko Piolet bana ematea.

p049_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Urrezko Pioleta sari banaketak jokoz kanpo hartu du bat baino gehiago. Ezohiko erabakia hartu dute; bai oso berezia, baina era berean, zuzena. Lehen aldiz hautagai guztiak saritu dituzte; beste era batera esanda, hautagai bakoitzak Urrezko Pioleta jaso du. 21. ekitaldia zen aurtengoa, eta hilaren 3tik 6ra ospatu da Alpeetako bi hiriburuetan: Chamonix eta Courmayeurren. Ohi den legez, bi hiriburu horietan makina bat ekitaldi egin dira. Eta, beste behin, goi mailako alpinismoan jarduten duten espezialista ugari bildu dira.

Jakina denez, Urrezko Pioletaren sari banaketak ia oihartzun guztia jasotzen du. Arestian aipatu dugu ezohiko erabakia hartu dutela. Bai, hala izan da. Urtero legez, epaimahaikideek ez dute batere erraza izaten hautagai guztietatik jarduera bat edo bi aitortzea edo saritzea. Stephen Venables epaimahaiburuak argitu du iazko denboraldia berezia izan dela oso: «Urrezko Pioletaren balioak jasotzen dituzten goi mailako makina bat jarduera egin dira. Alabaina, soilik sei hautagai aukeratu genituen. Eta guztiek ala guztiek osagai batean bat egiten dute: gailurra erdietsi ondoren, jaitsierak bide ezberdinetatik egin dira. Bide batez, azpimarratu nahi dugu sei jarduera horiek oso-oso onak izan direla. Marra ezberdinak zabaldu dituzte, bakoitzak bere estiloan eta konpromiso handiarekin. Eta horregatik sei hautagaiak saritzea erabaki dugu».

Era horretara, jarduera abangoardista horiek guztiek, lehen aldiz, aitortza bera jaso dute. Finean, antolatzaileen xedearekin egin dute bat: «Ez da soilik saria banatzea, baizik eta goi mailako alpinismoaren inguruan irakurketa ezberdinak egitea. Alpinista asko bildu dira, eta bakoitzak bere ideiak plazaratu ditu. Hain zuzen ere, hori da sari hauek duten xede nagusia».

Protagonista asko

Hautagaien inguruan ez gara luze jardungo; izan ere, seiak ala seiak orrialdeotatik pasa dira. Kayshar mendiaren hego zutoina, Tatsuya Aoiki, Yasuhiro Hanatani eta Hiroyoshi Manome japoniarrek sinatutakoa. Shivaren ipar-ekialdeko ertza, Mick Fowler eta Paul Ramsden britainiarrek eskalatutakoa. Muztagh Tower-en ipar-ekialdeko zutoina, Dmitry Golovchenko, Alexander Lange eta Sergey Nilov errusiarrek egindakoa. Baintha Brakk-en hego aurpegia, Kyle Dempster, Hayden Kennedy eta Josh Whartonek sinatutakoa. Kameten hego-mendebaldeko aurpegia, Sebatien Bohin, Didier Jourdan, Sebastien Moatti eta Sebastien Ratel frantziarrek poltsikoratuta. Eta, jakina, Nanga Parbateko Mazeno ertza, Sandy Allan eta Rick Allenek kateatutakoa; beti ere zortzimilakoaren gailurra zapaldu zuten.

Beste protagonista batzuk ere izan dira: Kurt Diembergerrek Walter Bonatti izeneko saria jaso zuen alpinista gisa egin duen ibilbideagatik. Eta, azkenik, Jason Kruk eta Hayden Kennedyk aipamen berezia eskuratu zuten Cerro Torre «estilo onean» eskalatzeagatik.

sariak

Urrezko Pioleta sariketan epaimahaikideek lehen aldiz hautagai guztiei sari bana eman zieten. Aurten sei hautagai izan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo