GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Hau al da gobernatzea?

Egoera honetan zer gelditzen zaigu? Zer goaitatu? Gu antolatzeko gaitasunak Paris mugiaraz lezake. Instituzioa emanen dute independentziarako bidea hartzen dugula ikusiko dutelarik

Gobernu irakurgaitza. Hau da frantses politikan gertatzen ari dena. Ez dakigu gehiago Hollande eta Ayrault-en Gobernua zertan ari den, ulertzen oso zaila gertatzen ari da. Cahuzac ministroaren inguruan sortu zurrunbiloak ez du mugarik, prentsak ez du besterik aipatzen, gertakari batetik bestera pasatzen ari da eta beti albiste berriak datoz, onak, txarrak, egiak, gezurrak, zurrumurruak... denetarik. Badirudi prentsa gustura ari dela, beste berririk ez duela gehiago biltzen, «politikariak denak ustelak», diskurtso horrekin gozatzen ari dela. Alta, politikaren eta prentsaren arteko loturak, interes komunak, nahiko ezagunak dira, estekak batzuetan oso hertsiak dituztela! Une honetan ematen du politikariak direla ustelak. Kazetariak, aldiz, garbiak, zintzoak, ontasun publikoa zaintzen ari direla, informazio sekretuak bilatzen eta argitaratzen. Haatik, «sekretu» horiek guztiak norbaitek, zenbait bulegok, ateratzen dituzte eta prentsari pasarazten! Alegia, inozente gutxi dagoela mundu horretan guztian. Guretzat noski konplikatua da dena segitzea, Paris urrun baita, mundu txiki hori guztia ez dugu ezagutzen, inondik ere, jende horrek guztiak nola jokatzen duen ez dakigu, ez baititugu bizitzen, lan egiten ikusten. Hori dena beste planeta bat da! Ondorioz, ez zaigu interesatzen, ez dugu deus jakin nahi, gezurra eta egia non dauden jakiteko baliabiderik ez baitugu. Denentzako ezkontza Senatuan bozkatua izan dela jakin dugu, baina horren kudeatzeko ere nahiko lan Gobernuaren aldetik. Karrika mintzo da, hitz eta irudi atzerakoi franko ikusi ditugu. Horri erantzuteko ere zailtasunetan dago Gobernua. Konbentzitzeko gai ez da izan! Besterik egin al du Gobernuak azken asteetan, prentsaren erasoei erantzutea baino?

Hollandek ez du gobernu berririk nahi. Pentsatu duke ekaitza pasatu ondoren dena konponduko dela. Hollandek gehien maite duena baita mugimendu gutxien egitea. Ez da, dudarik gabe, politikari aproposena krisi garaian, ausardia beharrezkoa den unean, aterabideak eskaintzeko. Baina gobernu honek bizi duen une eroan jarrera horretan jarraitzea nahiko arriskutsua izan daiteke. Edo pentsa daiteke arriskutsua dela, baina eskuinak ez du gehiago eskaintzeko; beraz, panorama beltza Estatu frantsesarentzat, Europaren aurrean estatu serio, aitzinatuaren irudia erakutsi nahi badu ere!

Langileen eskubideak urratzen dituzten nagusien eta sindikatuen arteko akordioa hobetsi du Gobernuak. Ez du horren inguruan publizitate handirik egin. Akordio horrek hilabetesarien eta lan ordu kopuruen jaistea ahalbidetzen du. CFDT sindikatuak ere izenpetu du. Mobilizazioak deituak izan dira, baina erreakzio motelak gertatzen ari dira. Gobernuaren ahuleziak baduke zer ikusirik horretan, langileek ez baitute gaitasunik ikusten bere baitan nagusiei aurre egiteko.

Egoera honetan zer gelditzen zaigu? Zer goaitatu? Gu antolatzeko gaitasunak Paris mugiaraz lezake. Instituzioa emanen dute independentziarako bidea hartzen dugula ikusiko dutelarik. Agur Paris, bagoaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo