GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maya, Sanzen ondotik, epaitegirako bidean

Hamabost urtez Nafarroako presidente izandako Miguel Sanzen ondotik, gaur egungo Iruñeko alkatea, Enrique Maya, joanen da gaur epailearen aitzinera, Nafarroako Kutxaren dieten kasuan auzipetu gisa. Bihar, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiaren txanda izanen da.
p013_f10.jpg

GARA |

«CAN kasuagatik» auzipetutako UPNko kargudunak epailearen aurretik igarotzen ari dira banan-banan. Ostiralean, Miguel Sanzek adierazi zuen berak ez zekiela dietetan 90.000 euro kobratu zituela. Etxean diru kontuak emazteak eramaten dituela eta errudunik izatekotan, ordaintzen ziona dela arrazoitu zuen. Nafarroako Kutxa berregituratu zenean bertako presidente zenak Yolanda Barcinarengana zuzendu zuen atzamarra, berak baino ardura handiagoa duela aditzera emanez.

Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko lehen presidenteak PSNko Roberto Jimenezek batzorde hori ez zuela ezagutzen erraten duenean gezurra diola ere azaldu zuen.

Egonezinik eta hunkituta mintzatu zen Corellakoa Iruñeko Auzitegiko Instrukzioko 3. Epaitegiko Maria Paz Benito epailearen aurrean, orokorrean ahanzkor, kalean jendeak «lapurra» garrasi egiten ziola entzun eta gero. «Egia absolututik, dena gustura deklaratzeko eta argitzeko» prest zegoela adierazi arren, ez zien erantzun herri akusazioei eta, emozioak borborka, zera aldarrikatu zuen: «Ez naiz inoiz ere nire bizialdian, sekula ez».

Aitzineko atetik

Nafarroako presidente ohiaren ondoren, Iruñeko alkateak, Enrique Mayak, deklaratuko du. Hau ere CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen, auzipetutako bertze biak, Miguel Sanz eta Alvaro Miranda, bezala. Gaurko Gobernuko buruak, Yolanda Barcinak, ere parte hartu zuen batzordean, baina foruduna denez, epaileak ezin du inputatu.

Mayak goizeko hamarretan epaitegian egon beharko du gaur, eta, egunotan kazetariei baieztatu dien bezala, «aitzineko atetik» sartuko da, dietei buruz dakien «guztia aportatzera». Galdetzen dioten guztiari, normaltasun osoz, erantzunen diola ziurtatu du.

Iruñeko Udaleko buruak beti baztertu du dimititzea -horretarako modu bakarra errudun deklaratzea dela dio-, nahiz eta PPk izan ezik gainerako alderdi guztiek eskatzen dioten kargua uzteko. Ostegunean, Batzarreko oposizio osoak planto egin zion. Gauza berria izan zen eta bilera 25 minutura murriztu zuen, kalean herritarren txistualdi ozen batek egoera salbuespenekoa dela are ageriago uzten zuen bitartean. Zarata gorgarria bilera aretoraino sartu zen.

Auzia daraman Iruñeko Auzitegiko Instrukzioko 3. Epaitegiko Maria Paz Benito epaileak martxoaren 21ean kaleratutako autoan CANeko dietek «zalantzazko euskarria» dutela eta horiek ordaindu eta kobratzea «eroskeria delitua izan daitekeela» nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo