Hemeretzi lagun hil dituzte Muqdishoko auzitegi baten aurkako erasoan
Gutxienez 19 lagun hil dituzte, eta beste horrenbeste zauritu, Muqdisho Somaliako hiriburuko auzitegi baten aurka Al Xabab erakunde islamistako talde armatu batek atzo egindako erasoan.GARA | MUQDISHO
Ali Dini Poliziaren eledunak nazioarteko berri agentziei esandakoaren arabera, bi bonba-auto erabili dituzte erasorako eta hildakoen kopurua handitu egin daiteke, zauritutako lagun asko oso larri baitaude. Aidid Ilka Hanaf Somaliako Auzitegi Goreneko presidentea ere zauritutakoen artean dago.
Al Xabab milizia islamistak hartu du bere gain erasoa sare sozial batean argitaratutako mezu batean. «Erregimen apostataren aurkako eraso ausartak» egin dituztela diote Twitterren.
Gobernuak, berriz, atzo hiriburuan egindako erasoa «terroristen etsipenaren seinale» bat besterik ez dela uste du, Hasan Xeikh Mohamud Somaliako presidenteak egin zituen adierazpenen arabera. Berak deritzo Al Xabab taldea gainbeheran dagoela herrialde osoan, eta horregatik erabaki duela tankera horretako atentatuak egitea.
Gobernuaren iritzia
«Aurrera egiten ari gara, baina Somaliaren etsaiak bidean oztopoak jartzen saiatuko dira. Terroristek jakin behar dute Somalia aurrera egiten ari dela, eta horrela jarraituko duela, eta ez dutela lortuko herrialde baketsu bat lortzeko bidetik gu aldentzea», adierazi zuen Mohamud presidenteak. Bere Gobernuko beste kide batzuek ere ildo bereko adierazpenak egin zituzten.
«Ondo armatutako zazpi gizon iritsi ziren auzitegira -esplikatu zuen Aden Sabdou lekukoak-. Gobernuaren uniformeak jantzita zituzten. Une horretan bertan bonba-auto batek eztanda egin du auzitegiko sarreran», jakinarazi zuen auzitegiaren ondoan dagoen Alkatetzan lan egiten duen herritarrak. Lehen eztandaren ondoren hasi ziren tiroka zazpi gizon armatu horiek, bertsio horren arabera. «Ez dakit zenbat hildako egongo zen», esan du Husein Ali auzitegiko langileak.
Somaliako segurtasun indarrak bertaratu ziren orduan. Lekua inguratu ondoren, bi aldeen arteko tiroketa hasi zen. Une horretan egin zuen eztanda bigarren bonba-autoak.
Kaosa izugarria zen. Lurrean etzanda geratutakoen artean uniformedunak ere bazeuden, baina une horretan ez zegoen jakiterik nortzuk ziren erasotzaile eta nortzuk segurtasun indarretako kide.
Hirugarren eztanda
Handik ordu batzuetara, beste leherketa bat. Ikaragarria, gainera. Somaliako Inteligentzia Zerbitzuen egoitzaren aurkako erasoa izan zen.
Hiriburuko aireportutik gertu dagoen eremu batean izan zen eraso berria. Lekukoen esanetan, leherketa gertatu zen momentuan Turkiako eta Afrikako Batasuneko ibilgailuak pasatzen ari ziren egoitzaren ondotik.
«Biktimak nortzuk diren argitzen eta erasoaren jomugari buruzko ikerketarekin ari gara oraindik», jakinarazi zion Reuters agentziari Qadar Ali poliziakideak.
Britainia Handiak hilaren 5ean jakinarazi zuen Muqdishon eraso bat egiteko prestakuntza lanak oso aurreratuta zituztela «terroristek».
Muqdisho hiriburuaren jabe izan zen Al Xabab talde islamista 2009tik 2011ra, baina Afrikako Batasunak bidalitako tropek herrialdeko hiri garrantzitsuenetatik ihes egitera behartu ditu miliziano islamistak
Orain egun batzuk Al Xabab taldeak Dahabshiil bankuaren egoitza nagusiaren aurkako eraso bat egin zuen. Martxoan, berriz, segurtasun indarretako buru baten aurkako erasoa egin zuen bonba auto batekin: 10 hildako