AIZKORA Urrezko lehiaketa
Gazteek behetik gora abiada bizian datozela erakutsi dute
Kañamares III.ak, Larrañagak eta Jauregik lortu zuten sailkatzea.
Jon LEUNDA
Julen Kañamaresek, Arkaitz Jauregik eta Mikel Larrañagak lortu zuten atzo Leitzan Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Bosgarren saioa izan zen atzokoa, eta jadanik hasi dira izena duten aizkolariak agertzen, eta atzokoan ezusteak ere izan ziren.
Hamabi aizkolari lehiatu ziren, eta elkar kanporatzen joan ziren amaieran hiru geratu arte. Horiek lortu zuten hurrengo kanporaketan aritzeko txartela. Enbor bat moztera neurtu ziren aizkolariak.
Lehen fasearen ostean, irabazleak hirugarren fasera sailkatu ziren, eta galtzaileek bigarren fasea jokatu behar izan zuten. Aurrera egiteko azken aukera izan zuten lehen faseko galtzaileek, eta hortik Kañamares III.a, Eneko Otaño eta Oihan Larretxea sailkatu ziren. Hasieratik izan ziren ezusteak, eta handiena Jon Irazurena izan zen. Zizurkildarra garaipena lortzeko faboritoetako bat zen, baina lehen fasean galdu ostean, bigarrengoan ere emaitza errepikatu egin zuen, eta lehen saioan etxera joan zen gipuzkoarra.
Hirugarren fasean, Alkizalete II.ak Zaldua menderatu zuen; Arkaitz Jauregik, Eneko Saralegi; eta Mikel Larrañagak, Iban Resano. Laugarren fasean, berriz, Kañamares III.ak Xabier Zalduari irabazi egin zion; Eneko Otañok , Iban Resanori; eta Oihan Larretxeak, Eneko Saralegiri.
Horrekin finalen txanda heldu zen, eta Kañamares III.ak Jokin Alkizalete mendean hartu zuen; Arkaitz Jauregik, Oihan Larretxea; eta Mikel Larrañagak, Eneko Otaño. Neurketa hauetako ezuste nagusia Arkaitz Jauregik eman zuen Oihan Larretxeari irabazita. Beraz, Julen Kañamares, Arkaitz Jauregi eta Mikel Larrañaga jardungo dira hurrengo kanporaketa jokatzen.
23 urtez azpikoak
Larunbatean abiatu zen Asteasun 23 urtez azpikoen lehiaketa, eta hor lehian ari diren gehienak maila nagusian jokatzen ari direnak dira. Azkenean, Kañamares III.ak, Rodriguez II.ak, Vicente II.ak eta Eneko Otañok lortu zuten sailkatzea.
Hamabi aizkolari lehiatu ziren lau multzotan banatuta, eta hortik azken sailkatua geratzen zen kanpoan. A multzoan Kañamares III.a izan zen lehenengo, Kañamares IV.a, bigarren, eta Naredo, azken. Hau geratu zen kanpoan. B multzoan, Rodriguez II.a izan zen onena, bigarren Vicente II.a eta azkena Larrea III.a, eta hori geratu zen kanpoan. C multzoko onena Eneko Saralegi izan zen, eta berarekin Etxeberria II.a sailkatu zen. Kanpoan Irazabal geratu zen. Laugarren multzoan, Eneko Otaño izan zen onena, Alkizalete II.aren aurretik, eta Kortxero geratu zen kanpoan.
Fase erabakigarrian Otañok Kañamares IV.ari irabazi zion; Kañamares III.ak, Alkizalete II.ari; Rodriguez II.ak, Etxeberria II.ari; eta Iker Vicentek, Eneko Saralegiri. Irabazleek hurrengo faserako txartela lortu zuten, nahiz eta elkarren artean bi finalak jokatu zituzten. Batean Kañamares III.ak Eneko Otañori irabazi zion, eta bestean, Rodriguez II.ak Vicente II.ari, baina ordurako lau aizkolariak sailkatuta zeuden, eta amaierako emaitza honek ez zuen izan aparteko garrantzirik, ohorea besterik ez baitzegoen jokoan.
Urrezko Aizkorako lehen kanporaketa hauetan enbor bat moztera neurtzen dira aizkolariak, eta horrek ezusteak gehitu egiten ditu. Izan ere, agian lan luzera sailkatuko ez liratekeen aizkolari batzuk aurrera egiteko modua izaten dute, eta alderantziz ere bai, erraz sailkatu beharko luketen batzuk kanpoan geratzen dira. Orain arte ezuste bat baino gehiago izan dira. Joan den astean Mugertza III.a kanpoan geratzea izan zen horietako bat, baina agian handiena atzokoa izan zen, Jon Irazuk ez baitzuen lortu sailkatzea eta jokatutako bi probak galdu egin baitzituen. Oihan Larretxea eta Etxeberria kanpoan geratzeak ere ustekabe handiak izan ziren. J.L.