GARA > Idatzia > Euskal Herria

200 herrik baino gehiagok hartuko dute presoen aldeko Goazen Plazara ekimena

Maiatzaren 18an Goazen Plazara ekimena gauzatuko dela baliatuz, gehiengo sozialari «aurrera urratsa egin eta mobilizazio hauek modu aktiboan» bultzatzeko gonbidapena egin zion atzo Herrira plataformak. Orain arte lortutako babesekin konformatu ez, eta «pankartaren atzean gero eta ahots eta borondate gehiago» biltzeko asmoa azaldu zuten.

p016_f03.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Datorren maiatzaren 18an Euskal Herriko herri eta auzoetan egingo den Goazen Plazara ekimenari begira, inplikazioa, «aurrerapausoa», eskatu zion atzo Herrira mugimenduak gehiengo sozialari, plazak bete ahal izateko eta sakabanaketa eta salbuespen egoerak amaitzeko eskatzen duen «herri agindua» inoiz baino ozenago entzunarazteko.

Atzoko agerraldian, zitari buruzko datu gehiago eskaini zituzten. 200 herri mobilizazio baino gehiago izango dira egun horretan. 50 Nafarroan, 80 Gipuzkoan, 70 Bizkaian, 15 Araban eta beste 7 Ipar Euskal Herrian.

Nagore Garciak, euskaraz, eta Beñat Zarrabeitiak, gaztelaniaz, azaldu zutenez, datorren hilabeteko ekimen honen helburua azaroaren 10ean Baionan eta urtarrilaren 12an Bilbon izandako adostasuna «herri, auzo eta hiri guztietara eramatea da», eta aldarrikapen nagusiak sakabanaketaren amaiera, 197/2006 doktrinaren ezeztapena eta larri gaixo dauden presoak aske uztea dira.

Mobilizazio berri honetarako, aurreko manifestaldi erraldoiei babesa helarazi zieten instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileak oinarritzat hartzen ditu mugimenduak, baina ez dira horiekin ase geratzen. «Lanean jarraitzen dugu giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen dituen pankartaren atzean gero eta ahots eta borondate gehiago biltzeko», nabarmendu zuten.

Adostasuna artikulatu

Herrirako kideek martxoan presoen inguruan izandako gertakari lazgarriak ere -Anjel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren heriotzak, senideen istripuak, espetxeetako jipoiak- ekarri zituzten gogora, indarrean dagoen espetxe politika «behin betiko atzean uzteak» daukan garrantzia azpimarratuz.

Egoera honi aurre egiteko, maiatzaren 18ko zitari begira herritarrak, instituzioak eta bestelako eragileak mobilizazioa «babestu eta indartzera» gonbidatu zituen Herrirak; «modu aktiboan, bakoitzak bere eremutik eta ekimenaren izaera plurala errespetatuz, interes politiko eta partikularren gainetik komuneko lana bultzatuz», laburtu zuten.

Azkenik, maiatzaren 18an Euskal Herritik kanpo egongo diren herritarrei ere, mobilizazioaren aldarrikapenekin bat egiten duten pertsona guztiei, ekimenari era batean edo bestean babesa helarazteko eskatu zieten, euskal preso politikoen inguruko aldarriak «munduko hamaika txokotara» eramateko.

BABESAK ZABALDU

Mobilizazio honetarako, aurreko manifestaldietan izandako eragileak oinarri gisa ditu Herrirak, baina «pankartaren atzean gero eta ahots gehiago izan daitezen» lanean jarraituko dute.

ATZERRIA

«Goazen Plazara» egingo den egunean Euskal Herritik kanpo diren herritarrei, eta hemendik kanpo ere aldarri honekin bat egiten duten guztiei, ahal duten moduan elkartasuna helarazteko eskatu die Herrirak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo