GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Saturazioa

Gaztetako zientzia klaseetara joan zait burua momentu batez. Gatza urarekin nahastuz gero, disolbatu egiten zela irakatsi ziguten. Gorputz berean urtzen ziren -amodio kontuetan esan ohi den bezala-, gauza bakar bihurtu.

Edalontzia urez bete -beroa, ahal izanez gero-, gatza bota, eta koilararekin buelta eta buelta aritu ondoren, geure begiekin frogatzen genuen egia zela kontatzen zigutena, gatza «desagertu» egiten zela. Ur bakarra zen gure begien aurrean genuena. Egia hura baieztatuta, edalontziak utzi eta kalera.

Gauzei nola begiratzen zaien, halakoxea da ikusten duguna. Iñigo Cabacasen heriotza ere ez da salbuespena. «Egia ofizial» bakarra izan du, eta izaten jarraitzen du, momentuz, oraindik argitzeke den kasuak, edo argitu nahi ez den auziak.

Heriotza bat mahai gainean, baina mila galdera inguruan. Ertzaintzaren arabera, «istripua» izan zen gazte bilbotarrari gertatutakoa. Hori da, egun, bere «egia ofiziala».

Gauzei nola begiratzen zaien... aldatzen dira ere egoerak antzemateko erregistroak. Gizartearen hitzak badu zeresana, pisua, iritzi publikoan, baina frogek, frogek berebiziko zama har dezakete.

Senideen hitzetan, lagunen testigantzetan sinistu egin dugu, konfiantza eman diegu, zilegitasuna. Ez denok, ordea. Esaten dutena besterik ez da izan orain arte gizartearen zati batentzat. Hitzak, haizearekin joan-etorrian doazen hitzak.

Egunkari honek argitaratutako elkarrizketek, ordea, argia ekarri dute, argia eta pisua. Zama eman diete hitzei, «istripua» desgaitu dute eta zilegitasunez jantzi kasu askotan, ofizialtasunetik at geratzen diren bertsioak. Cabacasen auziko bertsioa.

Biharamunean itzuli ginen ikastolara. Mahai gainean zeuden bezperan utzitako edalontziak, gatz potoaren ondoan. Irakaslea etorri aurretik -betikoa- esperimentua errepikatu genuen, ezkutuan. «Bota gatza beldurrik gabe!». Baina egun hartako gatz hura ez zen bezperan bezala disolbatzen. Koilarak sortutako zurrunbiloan zebilen jira eta buelta. Kaka! Ez zen desagertzen. Saturazioari ez genion bada kasurik egin eta azkarrenak hanka-motz geratu ginen, besteen bizkar egiaren tenplua deskubritzera gindoazela sinistuta. Gauzak nola begiratzen diren... Egia ere aldatzen da. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo