Mikel Aramendi Kazetaria
Isiltasunaren aldarria
AEBetan bada «etxeko» terrorismo mota bat -izena ez da nirea, FBIrena baizik: «domestic terrorism» deitu ohi diote, estatubatuar naziotasuna dutenak direlako egileak-, hain zuzen ere, honelako ekintzen bitartez agertu ohi dena ia beti
Isiltasunaren aldarriak, batzuetan, zaratarik handienak baino gehiago aztoratzen zaitu. Horrelako zerbait gertatzen bide zait Bostongo sarraskiarekin. Ez dakit zer gertatu den, ez daukat inolako argibide berezirik, ezta lortzeko modurik ere; baina harez geroztiko albisteak begiztatzen eta hausnartzen ahalegindu naiz... eta, orduak igaro ahala, urdurituz joan naiz, lehen unetik neuri bururatu zitzaidana beste inon aditzen ez nuelako. Eta, jakina, horrelakoetan pentsatu beharrekoa da ea ez ote zauden pipiak jotzen hasita edo. Azkenean, halere, neu baino askoz azkarragoak, jakintsuagoak eta bertakoagoak diren beste batzuei ere antzeko zerbait bururatu zaiela ikusi ahal izan dut, eta lasaitzen hasi naiz... Baina ez erabat.
Arazoaren gakoak ez du korapilo berezirik: berria jaso eta eztanden irudiak ikuste hutsarekin, lehen segundoan, Atlanta- koa bururatu zitzaidan. Alegia, 1996ko uztailaren 27an, urte hartako Joko Olinpikoen inaugurazio ekitaldia ospatzen ari ziren bitartean, Centennial Parken lehertu zen bonbaren aurrekaria. Bien arteko kidetasuna kausitzeko zioak ere, edozeinen esku leudekeenak ziren: kirol ekitaldi jendetsuen aurka etxean egindako lehergailuekin burututako ekintzak ziren biak, kalte pertsonalak eragiteko diseinatuak, non ekintzaileek beren segurtasuna lehenetsi dutela ematen baitu... Ez da ezeren froga, noski, ezta aztarna oso argigarria ere, baina bai ordea Al Qaeda edo Ipar Korea baino lehenago aintzakotzat hartu beharrekoa, esango nuke.
Estatu Batuetan bada «etxeko» terrorismo mota bat -izena ez da nirea, FBIrena baizik: «domestic terrorism» deitu ohi diote, estatubatuar naziotasuna dutenak direlako egileak-, hain zuzen ere honelako ekintzen bitartez agertu ohi dena ia beti. Hau da, soil-soilik biktima zibilak eragin ditzaketen atentatu indiskriminatuekin.
Terrorismoa, hitzaren adiera zuzenenean. T. McVeigh eta T. Nicholsek 1995eko apirilaren 19an Oklahoma Cityko Alfred P. Murrah eraikinaren aurka burutu zuten sarraski izugarria da ekintza horietako gogoangarriena, eragin zuen biktima kopuruarengatik, baina beste asko dira urtero jazotzen direnak. Apalagoak, baina etengabeak. Hain zuzen ere, jarraikortasun horrek zilegitu zuen Atlantako eraso hura, peripezia xelebre askoren ondoren, argitu ahal izatea, eta haren egilea, Eric Robert Rudolph, abortuak egiten zituzten klinikei erasotzen «espezializaturiko» tipo bat, atxilotu ahal izatea. Zazpi urte geroago, eta ia kasualitatez.
«War on terror» ospetsuaren ikusmiratik guztiz kanpo geratzen den egitatea da, noski, ia inoiz ere ageriko adierazpen edo aldarrikapenik egin gabe gauzatzen den «etxeko» terrorismo hori. Beharbada, horrexegatik, batzuei kosta egiten zaie hura aintzakotzat hartzea edo badenik gogoratzea ere. Edota, jakin arren, ez dute sinetsi nahi beren aberkideak odol hotzean eta itsuka hiltzeko erreparorik ez duten estatubatuarrak -zuriak, kasik beti- badirela.
Errezeloa dut isiltasun horrekin nahiko eroso sentitzen direla batzuk -egileak- zein besteak -ikusleak-. Ez ordea halako ekintzen biktimak.