GARA > Idatzia > Kultura

Errusiako palazioak astindu zituen Rasputin dohaintsua dakar Iturraldek

«Rasputin eta San Petersburgoko gauak» nobelan, Romanov dinastiaren azken urteetan protagonista bilakatu zen pertsonaia mitikoaren jai, orgia, mozkorraldi eta gainerako gorabeherak kontatzen ditu Joxemari Iturralde tolosarrak. Iraultzaren bezperatan eta kalean miseria nagusi den bitartean, palazioan lanean ari den bikote euskaldun bat izango da agintari eta jauntxoen gehiegikerien testigu eta euren begietatik iritsiko zaigu nobela historiko eta erotiko hau.

p046_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Fraide eroa bezala ezagutzen zuten errusiarrek duela mende bete. Bekaturik handienak egin eta eginaraztea arau bihurtu zuen, ondoren jainkoaren barkamena jasotzeko. Lider espirituala, gaixoak sendatzeko eta etorkizuna iragartzeko dohainak zituena, erlijio ezberdinetako ezagutzen jabe, bere «tramankulutzarrarekin» sexurako sekulako trebezia zuena... Gregori Efimovitx Rasputin ezagun egin zen Romanov dinastiaren azkenetan eta urte horietan girotu du Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) bere azken nobela, «Rasputin eta San Petersburgoko gauak» (Elkar).

Nobela historiko eta erotiko moduan definitu zuen Antxiñe Mendizabal editoreak, pertsonaia historiko honek asko baitu bigarrengotik ere. Iraultza sobietarraren aurretik, Rasputinek Romanov dinastiarekin eta, batez ere, bertako tsarinarekin izan zuen harreman estua. Hemofilia zuen Alexis Zarevitxa -gizonezko seme bakarra eta, ondorioz, oinordeko zuzena- sendatzea lortu zuela esaten da, eta hortik aurrera berak mugitu zituen jauregiko hariak. «Rasputinek ez zuen nahi iraultza lehertzerik, baina, nahi gabe, bere ekintzekin, bultzatu egin zuen», esan zuen atzo Iturraldek.

Pott bandaren sortzaile, orain gutxi arte irakasle lanetan aritu da tolosarra. GARAko «Mugalari» gehigarrian kolaboratu zuen urte luzez -«Kaleidoskopioa» (Pamiela) bilduman artikulu horien aukeraketa bat argitaratu zuen iaz-. Beste dozena erdi nobela ere baditu, azkenengoa «Ilargi horia» (Pamiela, 2012), eta ezagunak dira haur eta gazte literaturan egin dituen lanak.

Bi euskaldun, guztiaren lekuko

Errusiako herriak iraultza aurreko giroa bizi duen bitartean, palazioko jai, orgia, mozkorraldi eta bestelakoen testigu izango den bikote euskaldun bat izango da «Rasputin eta San Petersburgoko gauak» nobelako protagonista eta kontatzen den guztia eurek bizitakoa izango da. Zerbitzari eta morroi moduan ari dira palazioan lanean eta elkartzen direnean ikusi eta entzundakoaren berri ematen diote elkarri.

Istorioa osatzeko, bi anekdota pertsonaletan oinarritu da tolosarra. Aitaginarrebak bere lagun baten gurasoei gertatutakoa kontatu zion batetik. Filipinetatik bueltan, transiberianoa hartzeko Moskura joan eta iraultza lehertzear zela, istiluen artean blokeatuta gelditu ziren bertan, ez aurrera ez atzera, ezin ezer egin. Parke batean zirku bateko piano jotzaile bati begira jarri eta euskalduna zela konturatu ziren. «Hau da, iraultza lehertu da, dena hankaz gora dago eta pianista hori han dago, mozorrotuta, pianoa jotzen, bere inguruan lur behera jauzten ari den bitartean», esan zuen idazleak.

Bestalde, Iturraldek Biarritzen dituen lehengusu batzuek kontatu zioten iraultzatik ihesi etorritako zenbat errusiar bizi den lapurtar kostaldean. Bere osabaren parrokoak Rasputinekin ibilitako jendea ezagutu omen zuen eta bi anekdota hauetatik tiraka osatu du istorioa. Biarritzeko paseo batekin abiatzen da gainera nobela. «Iraultza giro bat dago eta, beraz, batzuek egiten dute iraultza nahi gabe, Rasputinek bezala, eta nobelan azaltzen diren protagonistek ikusten dute iraultza bertatik baina ezin dute ezer egin, ez dira eragileak eta ez dakite handik nola irtengo diren ere».

Autorearen ustez, paralelismo bat dago duela ehun urte Errusiak eta gaur egun guk bizi dugun egoeren artean. Jendea miseria gorrian, goseak akabatzen, politikarien ustelkeria nagusi, agintarien saldukeria nonahi, protestak kalean, egoera lehertzear... «ematen du gaurko eguneko egoeraren deskribapena dela, eta hala da, baina orain dela ehun urte gertatutakoa». Errusian iraultza etorri zen baina ezberdintasuna liderretan ikusten du Iturraldek. «Hemen ez dakigu zer gertatuko den. Garai hartan lider bat egon zen, Lenin, iraultza aurrera eraman zuena. Guk gure politikarien artean ez daukagu liderrik».

Nobela zuri-beltzean egindako hainbat ilustraziorekin jantzi du Iturraldek; Matak egin dizkio bai marrazkiak bai azala ere.

Pare bat urte eman ditu Iturraldek Rasputinen inguruan irakurtzen eta dokumentatzen eta San Petersburgora ere bidaiatu du, kontatzen diren toki guztiak bisitatu ditu, hanka sartzeak ekiditeko. «Nobela bat da, nik asmatua, baina datu historiko bat sartzen denean, benetan horrela izan zen», zehaztu zuen.

ILUSTRATUA

Nobela Mataren ilustrazioekin jantzi da. Zuri-beltzean egindako marrazkiak dira, Rasputin egoera ezberdinetan aurkezten dutenak. Azala ere Matak egin du: Rasputin ageri da, Alexandra tsarina eta Nikolai II.a tsarra txotxongiloak maneiatuz.

EUSKALDUNAK

Bi anekdota izan ditu idazleak abiapuntu. Iraultzaren bezperatan Moskun harrapatuta gelditu zen bikote euskalduna eta handik ihesi, Biarritzen bizi diren errusiarrak. Nobelan, bikote euskaldun bat izango da protagonista.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo