GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Apustua

Oraingoz, dirua nabarmen dago Joseba Otaegiren alde

Badirudi bihar ere apustua hasi aurretik horrela egongo dela.

p040_f01-97x128.jpg

Jon LEUNDA

Bihar eguerdian, 12.00etan, Tolosako zezen-plazan Antonio Senosiainek eta Joseba Otaegik jokatuko duten aizkora apustua ikusteko ikusmina areagotzen ari da, eta jadanik giroa ere berotuz doa. Alde batetik, Gipuzkoako txapelduna, eta bestetik aspaldian apusturik egin ez duen Senosiain ikusteko amorruz dago aizkora zalea.

Tolosako Kantabriko taberna da giroa nolakoa den neurtzeko lekurik onenetakoa, eta han dagoen kirol apustuak egiteko makinan jendearen joana eta etorria handi samarra omen da. Makina horren arabera, dirua nahiko nabarmen omen dago Joseba Otaegiren alde, eta egunean bertan plazan ere badirudi horrela aterako dela.

Lana dezentea izango dute, aizkolari bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko baititu. Hori bai, erdibana plazaratuko dituzte, eta biek aurretik garbi utzi dute zer-nolakoak izango diren. Otaegik egur normalak eramango dituela garbi utzi du, eta Senosiainek, aldiz, enbor gogorrekin joango dela plazara iragarri du. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Urrezko Aizkora

Biharko apustu handia dela-eta, Urrezko Azkora baldintzatu egin du, eta gaur jokatuko den saiora mugatuko da, eta gainera, 18 eta 23 urtez azpikoen lehia izango da Beran, 18.00etan.

23 urtez azpikoetan, Oihan Larretxea, Ruben Saralegi, Ander Erasun, Julen Kañamares, Iker Vicente, Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Juanillo Rodriguez lehiatuko dira. Zortzi aizkolari hauetatik erdiek egingo dute aurrera, eta beste erdiek agur esango diote lehiaketari.

18 urtez azpikoetan, bost aizkolari dira, eta gaur bi arituko dira, iazko bi finalistak, Eneko Otaño eta Iker Vicente, zuzenean finalerdietan daudelako. Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da, denak denen aurka jokatuz, eta bi onenek lortuko dute finalerdietarako txartela. Gaur Etxeberria II.a eta Kañamares IV.a lehiatuko dira nor baino nor. Lehen fasean arituko den bestea Larrea III.a da, baina bizkaitarrak atseden izango du lehen jardunaldi honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo