GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ASKE GUNEA, PRIMAVERA VASCA

Epaiketak gelditzeko atzeraezinezko urratsa izan dadila

pd7_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Egurra gazteak, egurra gazteak, egurra gazteak!» errepikatu zuen Mikel Arretxek telefono bidez Aske Gunera bidalitako mezuan. Donostiarrak kartzelarako bidean zela azaldu zuenez, ez zuen hitzik egun hauetako erantzuna eskertzeko. «Egiten ari zaretena la ostia da! Jo ta ke! Epaiketa guztiak geldituko ditugu!», egin zuen garrasi animoak emanez.

Lema horixe zuen atzo arratsaldeko zazpietan Bulebarretik abiatu zen manifestazioak. «Herri harresiaz epaiketak gelditu», zioen senideek -tartean Arretxeren aitak- eta auzi honetan libre utzitako Pello Lamarkak eusten zuten pankartak.

Absolbitutako bertze batek, Urko Pikazak, alde guztietatik jendetzaz inguratutako kioskotik bukaerako ekitaldian nabarmendu bezala, bart goizean Aske Gunean sartu zirenean ertzainek gazteak babesteari uztera gonbidatu zituzten harresia osatzen zuten 800 pertsonak. Baina ez zen inor mugitu, «hemen herri duin bat dagoelako», oihukatu zuen Pikazak harro, jendea piztuz eta txaloka eta «euskal gazteria aurrera!» aldarrikatzen jarriz. Egun hauetan ozen aditu den aldarria.

Atxiloketaren aurretik gau «oso gogorra» igaro zutela kontatu zuen, herri harresia defendatzea «uste baino latzagoa» dela aitortu. Baina behin erabaki bat hartzean atzeraezinak direla ere frogatu dutela gaineratu zuen. Hautu hori eskubide politiko eta zibilak babestea dela zehaztu zuen, behin betiko errespetatuak izan daitezen, eta desobedientzia aktibo baina baketsuaz, erresistentzia pasiboaz, lor daitekeela ziurtatu zuen.

«Hemen ez da ezer bukatzen»

Aske Gunearen balorazio hagitz ona egin zuen Pikazak: «Arrakasta bat izan da. Euskal gazteriak erakutsi du ez dagoela prest egoera honetan jarraitzeko. Hamar egun historiko izan dira». Hala ere, ohartarazpen bat egin zuen: «Hemen ez da ezer bukatzen. Izan dadila hau herri harresia eraikitzeko atzeraezinezko urratsa. Proiektu guztiak libre eta legalak izan daitezela».

19.00ak jo baino lehen leporaino beteta zegoen Bulebar ingurua. Jendea talde txikietan solasean ari zen, gazteekin lotutako azken albisteak komentatzen, anitz GARAk atzo eguerdirako ateratako gehigarri berezia irakurtzen eta argazkiak ikusten... Giroa lasaia zen, baina emozioak azalean sentitzen ziren. Eramandako gazteen senide eta lagunen besarkadak, negar malkoak, jendetza helburu baten alde batuta ikusteak ematen duen euforia... Halako batean, oihuak aditzen hasi ziren: «Ez gaituzue geldituko! Euskal gazteria aurrera! Atxilotuak askatu! Herriak ez du barkatuko!...». Martxa hastera zihoan.

Ertzainen auto bat eta lau furgoneta aitzinean zituztela, oinez hasi ziren manifestariak. Joan den larunbatean baino anitzez gehiago ziren, 10.000 inguru bai. Udaletxe parean ikurrin handi batek egin zien harrera. «Herri harresiak eraiki ditzagun! Utzi bakean, alde hemendik! Independentzia!» aldarrikatzen zuten hainbat ahotsek.

Hernani kalea bete eta Askatasunaren Etorbidera ailegatu ziren, «gazte eta aske, irabazi arte!» animo artean. EAJri zuzendutako mezuak ere entzun ziren: «PNV lotu txakurrak!». Okendon buelta hartu eta Bulebarrean biltzen hasi ziren berriro. Azkarra izan zen manifestazioa, ibilbide laburrekoa, eta burua 19.30erako helmugan zen. Buztana ikusteko, ordea, dezente gehiago itxaron behar izan zen. Iritsi eta iritsi ari zen jendea, tantaka-tantaka, etengabe, harresia sendotzera.

Kioskora zuzentzen ziren begirada guztiak. Hara goititu ziren pankartarekin senide eta lagunak, erabat hunkituta. Hauei «elkartasun, maitasun eta duintasun osoa» helarazi nahi izan zieten bildutakoek, une latzetan animorik beroenak eman. Martutenen pare bat ordu eman ondoren urrunagoko espetxeren baterako bidean ziren Adur Fernandez, Ekaitz Ezkerra, Egoi Alberdi, Aitor Olaizola, Mikel Arretxe eta Oier Lorenteri, aldiz, besarkadak eta txalo zaparrada bidali zizkieten. «Zuek bai zaretela eredua» erran zieten ertzainek zulatu bai baina puskatu ezin izan duten Aske Gunetik.

donostiatik harago

Ertzaintzak gazteak atxilotu bezain pronto protestak zabaltzen joan ziren: Durangon, batzokiaren aitzinean eseri ziren herritar batzuk, Iruñean manifestazioa eta asanblada egin zituzten, Lizarran 90 lagun atera ziren kalera eta Bartzelonan ere elkartu ziren.

GAUR

Orain arteko erantzunarekin harro agertu ziren, eta hala jarraitzera gonbidatu zuten. Gaur, 11.00etan martxa eginen dute Bulebarretik Martutenera. Bulebarrean prentsa agerraldia eta espetxean ekitaldia izanen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo