GARA > Idatzia > Kultura

Euskal taldeen partaidetza oparoa izango da Donostiako 48. Heineken Jazzaldian

GARA | DONOSTIA

Uztailaren amaieran ospatuko den Donostiako 48. Heineken Jazzaldian parte hartuko duten euskal musikariak zeintzuk izango diren iragarri zuten atzo antolatzaileek. Guztira 32 kontzertu eskainiko dituzte.

Horietatik hemezortzi taldeak dira; hamar hautaketa-prozesu baten bidez aukeratutakoak, bost iaz disko bat kaleratu zutelako eta beste hirurak Jazzaldiaren eta Musikeneren arteko hitzarmen baten ondorioz.

Hautake-prozesuak urtarriletik apirilera bitartean iraun zuen eta hiriko txoko desberdinetan eskaini zituzten doako kontzertuak ikusi ostean hartu dute erabakia arduradunek. Honakoak dira jaialdian parte hartuko duten taldeak: Pablo Campos Trio, Sky Beats, Seminal Jazz, Maldataskull Trio, De 2 en Blues Band, La Prima Janis, North Atlantic Jazz Connection, Roberto Nieva with Strings, Borja Arias Trio eta Paul San Martín.

2012an diskoa atera zuten taldeen artean bost aukeratu dituzte euren lanak jendaurrean aurkezteko. Hala, Jeronimo Martin Seikoteak «Quinoa» ekarriko digu, Iñaki Dieguezek «Birak», Gregario de Luxek «Hallelujah! (I wanna shout)», Satxa Soriazu & Jorge Abadiasek «Zuri» eta Belcebluesek «Diabulus in musika». Hauek uztailaren 24 eta 28 bitartean ospatuko den jaialdiaren egitaraua osatuko dute.

Ibilbide luzeko taldeak

Horiez gain, ibilbide luzeko euskal taldeek ere parte hartuko dute. Adibidez, uztailaren 26an San Telmo museoan Beñat Achiary baxenabartarra izango da. Iñaki Salvador Donostiako pianistak ere izango du Jazzaldian jotzeko aukera, oraindik data eta agertokia zehaztu ez badute ere. Mikel Azpiroz organista, berriz, jaialdiaren azken egunean arituko da «Gaua» disko berria aurkezten.

Igelaren Bandak ere disko berria aurkeztuko digu jaialdian, «Preguntatxo bat» izena daramana. Ipar Euskal Herritik datozen Gabacho Maroconnectionek, ordea, jazza eta Marokoko folklorearen arteko fusioa proposatuko digu.

Aipatzekoak dira ere hautatutako Musikeneko hiru taldeak; Four Corner Quartet, Elandio Diaz & Natanael Ramos Quintet eta No Güeif Quartet.

Amaitzeko, Klub Nautikoko terrazan, Nauticool-en, arituko diren DJen zerrenda zabaldu zuten. Horiek izango dira Teenage Caveman, Ayo Silver!, Katza, Kubik, Ishmaël Sustraivibez, Gallinero All Stars, Katuarraiak Kolektiboa, Makala Jazz Funk System eta Global Funk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo