GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskaraz edonon ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Villatuertan

«Vascuencearen Legeak» eta zonifikazioak ezartzen dituzten mugek hizkuntz eskubideak urratzen dituztela eta euskara herri eta auzo guztietan ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten atzo Villatuertan, Sortzen-Ikasbatuaz-en eta eskualdeko taldeen eskutik. Gaur egun Villatuertako haurrek ezinezkoa dute bertan euskaraz ikastea; horretarako, Lizarraraino joatera behartuta daude. Nafarroan 1.400 ume daude jasanezintzat jotzen duten egoera horretan.

p012_f09_148x062.jpg

Martxelo DIAZ | VILLATUERTA

Euskal Herriko auzo eta herri guztietan euskaraz ikasteko eskubidea errespetatua izan dadila aldarrikatu zuten atzo Villatuertan, Sortzen-Ikasbatuaz taldeak eta eskualde elkarteek antolaturiko jaialdian. Oinarrizko eskubide hori da beste behin atzo eskatu zutena, XXI. mendeko Nafarroan oraindik ez dagoelako bermatuta.

Atzoko jaialdia antolatzeko Villatuerta hautatu izana ez da kasualitatea izan. Egun, herri horretan ezinezkoa da euskaraz ikastea. Euskararen aldeko hautua egiten dutenak behartuta daude egunero Lizarraraino joatera. Nafarroan indarrean dagoen «Vascuencearen Legeak» ezartzen duen zonifikazioaren ondorioak dira. Lizarran onartzen diren oinarrizko eskubideak Villatuertan ukatuak dira, Nafarroan bertan lehen eta bigarren mailako herritarrak sortuz. Muga artifizial horren alde batean daudenek eskubide batzuk onartuak dituzte. Beste aldean daudenei ukatzen dizkiete.

Laugarren urtez antolatu da zonifikazioaren aurkako eta euskararen ofizialtasunaren aldeko jaialdi hau. 2010ean Artaxoan izan zen lehen edizioa. Ondorengo urteetan Mendigorrian eta Larragan egin izan dute jaia. Aurten Villatuertaren txanda izan da.

Antolatzaileek nabarmendu zutenez, urtetik urtera hizkuntz eskubideen aldeko festa honen aldeko sostengua handituz doa, hamaika eragile sindikal, euskaltzale eta instituzionalek ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenarekin bat egin dutelarik.

Kontseilua, Behatokia, Hik Hasi, Topagunea, LAB, ELA, ELA, STEE-EILAS, ESK, Hiru, EHNE, AEK, EHE, IKA, IA, Landa Eremuko Eskolen Taldea, NIZE eta Netle bezalako taldeek bat egin zuten atzoko festarekin.

Lodosa, Metauten, Zirauki, Iguzkitza, Arandigoien eta Artazuko alkateek ere euren atxikimendua adierazi zioten atzoko ospakizun eta aldarrikapenari. «Pixkanaka-pixkanaka euskarari ezarritako mugak desagerrarazteko aldarria indartzen ari da», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Villatuertan ere hori islatu zen atzo, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzearen aldeko aldarrikapena indartu egin dela. Atzo inoiz baino gune gehiago zabaldu ziren (zazpi) eta inoiz baino ekintza gehiago antolatu zituzten. Sortzen-Ikasbatuaz taldeak atzoko jaia ospatu ahal izateko boluntarioek egindako lana eskertu zuen.

«Vascuencearen Legeak» Nafarroan 27 urte bete dituen honetan, egoera latza dela nabarmendu zuten. 1.400 umetik gora daude egunero joan-etorriak egiten dituztenak euskaraz ikasi ahal izateko. Horien artean daude Villatuertakoak. Batez beste, egunero 20 kilometro egin behar dituzte euskaraz ikasteko.

Egoera horren ondorioz, urtean bost milioi kilometro baino gehiago egin behar dituzte, ume guztien artean egiten duten kilometro guztiak batuta. Ilargira 13 bidaia egitearen parekoa da distantzia hori. Kilometro horiek guztiak egiteak ere kostu ekonomikoa izugarria dakar. Orotara, 751.812 euro gastatu behar dira, 540 eurotik gora ikasle bakoitzeko gasolina hutsean.

«Errealitate hau esanguratsua iruditzen zaigu oso, argi adierazten baitu Nafarroako Gobernuak beste astro batean nahiko gintuela, Ilargian nahi gaituela alegia. Baina kontrako ondorioa du, urtetik urtera eta arazoak arazo, euskaraz ikasi eta bizi nahi dugunon kopuruak gora egiten baitu», nabarmendu zuten Sortzen-Ikasbatuaz taldeko kideek.

Horiek horrela, hizkuntz eskubideak urratuak diren egoera ez dutela gehiago onartuko ohartarazi zuten: «Ezinbestekoa da euskararen lurralde osoan euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea bermatuko duen errealitate berri bat eraikitzea, eta beraz, euskara euskararen herri osoan ofiziala izatea. Bide horretan urratsak egin ahal izateko, euskararen eskubideak urratzen dituzten `Vascuencearen Legea' eta zehazki honek ezartzen duen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatzen dugu».

Aitzindariei omenaldiak

Oztopoak oztopo eta traba guztien gainetik, egun Lizarraldean euskaraz ikasteko aukera, esfortzu handiz eta lan eskergaz, bermatu dutenak omendu zituzten atzo Villatuertan.

1931n egin zen Lizarraldean euskaraz ikasteko lehen ahalegina, Lizarrako Euskal Eskola sortuz, euskara Egaren hirian galdu zela mendea betetzear zegoenean. Udalaren babesa izan zuen egitasmo honek, baina 1936an faxistek zapuztu zuten.

Lizarra Ikastola, berriz, 1970ean abiatu zuten, guraso talde batek bultzatuta Vianako Printzea erakundearen eta Euskaltzaindiaren sostenguarekin. 25 izan ziren Lizarrako Udalak frontoian utzitako gela batean hasi ziren ikasleak.

Egitasmo horretan Josetxo Etxarri eta Carmen Garciaren familia ibili ziren lanean. «Beraiek egindako lanarengatik izango ez balitz, egungo egoera latzagoa izango zen», adierazi zuten omenaldian.

Eskola publikoan euskara bultzatu zutenak ere omendu zituzten. 1994an Remontival ikastetxean D ereduan hiru ume matrikulatu zituzten. Nafarroaren Gobernuaren erantzuna kupo minimora ez zirela heltzen izan zen eta eskubidea ukatu egin zuen. Hurrengo urtean beste hamabost haur matrikulatu zituzten eta orduan lortu zuten D lerroa Lizarran zabaltzea.

Ilargira 13 aldiz

Euskaraz ikasteko beren herritik kanpora joatera behartuak diren 1.400 haur nafarrek bost milioi kilometro egin behar dituzte aurten. Lurretik Ilargiraino hamahiru bidaia egiteko beste ematen du distantzia horrek.

laugarrena

Artaxoan, Mendigorrian eta Larragan aurreko edizioak ospatu ondoren, ofizialtasunaren aldeko festa Villatuertara heldu zen atzo. Urtetik urtera sostengu zabalagoa lortzen ari dela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo