Pirinioak | Jarduerak
Denboraldi amaiera ederra 10 izarreko marra batekin
Ibon Azkunek eta Iñigo Andolak mistoko beste bi marra zabaldu berri dituzte Lenito mendian: «Korrika» eta «Charlie garrote». Biak ala biak 400 metro eta 90º-M6 zailtasunak dituzte. Alabaina, bigarrena iraunkorragoa da zailtasunean.
Andoni ARABAOLAZA
Pirinioetako neguko denboraldian zehar behin eta berriz aipatu izan dugu nahikoa berezia izan dela. Ez txarra, baina, era berean, ez bikaina. Elur asko egin du, hotz ikaragarririk ez dugu izan, baina benetan protagonismoa izan duena eguraldi txarra izan da. Horrek, jakina, jarduera asko eta asko baldintzatu ditu.
Alabaina, izan dira begi zorrotza, zortea edo une zehatz bat ondo aprobetxatu dutenak. Euskal pireneistei dagokienez, inolako zalantzarik gabe, Joseba Larrañagak, Ibon Azkunek eta Iñigo Andolak osatutako taldeak protagonismo handia izan du. Patrikak lepo betetzeko aukera izan dute. Ezohikoa bada ere, pireneista hauek, guztira, zazpi bide berri zabaldu dituzte. Bai, neguko zazpi proposamen berri! Guztiak ala guztiak erakargarriak, guztiak ala guztiak misto eta izotzezkoak, guztiak ala guztiak 2.000 metroko mendietan sinatutakoak, guztiak ala guztiak era garbi batean zabaldutakoak... Nork eska edo eman dezake gehiago?
Aktibistok pasa den abenduaren amaieran ekin zioten «erasoaldiari». Bi aste baino gutxiagoko tartean trilogia bat sinatu zuten Zurizako mendietan. Hasiera oso potentea izan zuten, eta beti balizko marra berriak ikusi eta aztertzen dituztenez, beste bi sari ere iritsi zitzaizkien. Bata, Leniton; bestea, ordea, Peña Oroelen. Otsailaren amaierarako bost bide edo proposamen poltsikoratuak zituzten.
Eraginkortasuna, maila guztietan erakutsi dutena. Baina dena ez da igo gabeko metroak sinatzea; ez, pireneista hauek han eta hemen izan dira beste marra batzuk eskalatzen. Denboraldi amaiera gainean zuten, eta taldeko bi kidek, Azkunek eta Andolak, azken kartutxoak erre nahi zituzten. Eta zalantzarik gabe, bukaera ederra eman diote. Leniton bertan beste bi bide berri zabaldu dituzte. Beraz, denboraldi baten buruan (abendua eta apirila artean) hiru proposamen berri Leniton! Guztira, zazpi Pirinioetan!
Aurreratu dugun bezala, azken bi jarduerak Leniton izan dira eta protagonistak Azkune eta Andola. Hain zuzen ere, azken hori izan da zazpi eskalada berrietan egon den bakarra. Bada, biak ala biak Aste Santuko oporrak iritsi baino egun batzuk lehenago berriro Leniton ziren. «Lapurrez potrotaño» proposamen berria zabaldu zutenean, argi eta garbi ikusi zuten mendiak duen murru zabal hartan bide berriak zabaltzeko aukera gehiago zeudela. Eta martxoaren 23an «Korrika» marra sortu zuten. Andolak berak azaldu digunez, mistoko bide polita da: «Aste Santua gainean genuen, eta kanpora irteteko asmoa genuenez, berriro Lenitora joateko erabakia hartu genuen. `Korrika' izena eman diogu eskalatutako bideari. Sarrera zaila du, baina ondoren eskalada samurtzen da; izan ere, kanal batetik doa. Lehen luzea, adibidez, izotzarekin zegoen, eta pixkaka-pixkaka luzeak egiten joan ginen. Uste dut luze politak geratu zaizkigula».
Protagonista hauen jarduera gehienek bezala, azken horrek ere mistoko izaera du. Lehen lau luzeek gehienez 90° eta M6 zailtasuna dute. Eta ondoren, azkoitiarrak dioen bezala, korridore bat (70°) igo behar da. 400 metro berri zabaldu zituzten, eta oro har, M6 eta 90°-ko tarteak gainditu.
Sari ederrena
Martxoaren 23a zen «Korrika» sortu zutenean, hots, udaberriaren hastapenetan ziren. Azkunek eta Andolak jakin bazekiten denboraldia amaitzear zegoela, baina, haatik, azken «suziri» bat jaurti nahi zuten. Sormen-lan berria amaitu bezain laster, beste balizko marra erakargarri bat ikusi zuten: «Izotza zeukan, baina ez zegoen guztiz itsatsirik. Beste era batean esanda, ez zegoen baldintza perfektuetan. Gogorra ikusten zen. Aste Santua kanpoan egin nuen, eta bueltan berriro Lenitora joatea otu zitzaigun. Jakin bagenekien azken aukera genuela, besteak beste, udaberria gainean genuelako eta Lenito mendi txikia delako. Baina azken egun horietan euria egin eta elurra gogortu zuen. Baldintza onak zeuden. Baina hara joan ginenean eguraldi txarra egin zuen: 15 zentimetroko elur geruza genuen! Riglosera joan, berriro Lenitora itzuli eta apirilaren 4ko goiza urdin-urdin atera zen. Izotza bota zuen».
Ordurako, izotz formak ondo osatuta zeuden; hau da, balizko marra berria baldintza egokietan zegoen. Eta azken sormen-lanak denboraldiko sari nagusia eskaini zien. Bai, bide berri, zail eta dotoreena. «Korrika»-k bezala, 400 metro luze da eta 90° eta M6 zailtasunak ditu. Baina proposamen berria askoz ere gogorragoa eta arriskutsuagoa da. «Charlie garrote» izena jarri diote. Lehen bi luzeak M6koak dira, hirugarrena M5+ baina expoa, eta laugarrena eta bosgarrena berriro M6 gradukoak. Irakurtzen den legez, zailtasunean oso luze gogorrak eta denak jarraian, bata bestearen atzetik. Bost luze horiek eskalatu ondoren, amaierak, kanal batek, gehienez 75°-ko aldatsak ditu.
Andolak aitortu digun bezala, azken jarduera horrek erabat bete ditu: «Oso tentea da, zailtasunean iraunkorra, luze guztiak izotz txapa edo placageak ditu... Kanpoan ez dugu asko eskalatu, baina guretzat azken jarduera hau eromena izan da; ez dago inon horrelakorik! Oso bide ona da, eta, beste eskalada berrietan bezala, ez dugu paraboltik erabili. Luze batzuk ondo babesten dira; beste batzuk, ordea, nahiko arriskutsuak dira. Eta bideak duen giroa ere kristorena da. Aitor dezaket luze horiek guztiak oso onak direla. Bosgarrena, adibidez, oso dotorea. Nahiz eta kare-harria den, fisura politak ditu; badirudi granitoan eskalatzen ari zarela. Inolako zalantzarik gabe, mistoan sortu dugun proposamen onena izan da».
«Charlie garrote» bide berriarekin amaitu da protagoniston neguko denboraldia. Jakina, pozarren zeuden hilabeteotan eginiko lanarekin. Ez dira hortaz bizi, baina zale amorratuak dira eta ez dakite zer den geldirik egotea. Andolari galdetu diogu agian sona handia duen marra baten errepikapen bat egitea falta izan zaiela denboraldiari beste ukitu bat emateko. Adibidez, pasa den asteko Pique Longueko kronikan aipatzen genuen izaera bereko jarduera bat: «Lana egiten dugu, eta, beraz, ezin gara denetara iritsi. Horietako bat egitea oso ondo legoke, baina denbora falta dugu. Hala ere, uste dugu oso denboraldi bikaina egin dugula. Ondo aprobetxatu dugu, eta emaitzak hor daude. Gu, bederen, gustura geratu gara eskalatutakoarekin, eta batez ere kontuan hartu behar dugu non egin ditugun. Bi mila metroko mendi xumeetan izan dira. Lenitorekin, adibidez, asko flipatu dugu; aukera asko eskaintzen ditu. `Charlie garrote' sortu eta lagunei errepikatzera joan zitezen eskatu diegu. Batzuk abiatu ziren, baina udaberriko beroekin dena desegin egin da. Pena handia hartu dugu Ibonek eta biok; izan ere, hamar izarretako bidea zabaldu dugu».
Ibon Azkune eta Iñigo Andolak bi marra berri zabaldu dituzte Lenito mendian: «Korrika» eta «Charlie garrote». Biak ala biak mistoko marrak dira.
Protagonistok diote «Charlie garrote» hamar izarreko proposamen erakargarria dela. Neguko denboraldian zehar, guztira, zazpi bide berri zabaldu dituzte.