GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Elizak presa dauka

Badaezpada, Espainiaren egoera tamalgarria nahiko argi ez balego bezala, erresumaren hiriburuko kardinalak, Rouco zorrotzak, bereziki laburbildu dio gobernuaren presidenteari -tarteka-marteka presazkoak direnak gogorarazteko kolpetxo batzuk behar dituelakoan-: «Krisi ekonomikoa dugu, langabezia izugarria, ondorioz, bereziki gazteengan. Jaiotzear daudenen bizitza eskubidearen babesgabetasun legala dugu, eta ezkontzari buruzko legeria larriki bidegabea. Familia eta jaiotze-tasari begirako babes egokirik ez dugu, eta kalitatea hezkuntzari dagokionez, etorkizuna hezkuntza horren araberakoa izango dela kontuan hartuta, urria baino urriagoa da».

Rouco berera. Egungo panorama errepasatzen hasita, gobernuak egiteko dituen etxeko lanen zerrenda amaigabea lehentasunen arabera ordenatzen laguntzea erabaki du, Rajoyrengandik keinuak baino ekintzak nahi dituelako. Disimulu hutsaletan jardun barik, kardinalaren agendan, gorriz eta azpimarratuta, gobernuaren zenbait politiketan eragitea dago. Elizari interesatzen zaizkion gaietan, alegia, homosexual eta heterosexualen eskubide parekidetasuna oztopatzea, emakumea bere gorputzaren jabe bakarra izan dadin eragoztea, familia bat eta bakarra defendatzea eta, etorkizunean Elizak biziraun dezan, berak markaturiko doktrinaren arabera biziko direnen hezkuntza jakina bermatzea. Rouco berera, ustekaberik gabe. Badirudi homosexualen ezkontzei dagokienez jai duela. Rajoyk argi dauka gai hori nahasten jarraitzeak ez duela inolako zentzurik, bai jendartean, bai bere alderdiaren beraren baitan, onarpen eta babes handia jaso baitu, Auzitegi Konstituzionalaren epai irmoa barne, eta, beraz, berari gustatu ala ez, ez dauka jada eskubidea dena ukitzeko inolako interesik.

Beste gauza bat abortua da, a bai, abortuaren kontu amaigabe eta konplikatua. Eta, batik bat, zatitzailea. Izan ere, homosexualen ezkontzekin -ez, ordea, adopzioarekin- ez bezala, abortuarekin oraindik bada etekinik lortzea jendarte honetan. Betiere eskubide talkaren haritik tiraka: emakumearen erabakitzeko eskubidea, batetik, nasciturusaren bizitza eskubidea, bestetik. Jakina, bizitza eskubide oinarrizko eta besterenezina nagusitzen da; bizitza hori infernu hutsa izan daiteke, bizitza horrek bere kabuz aurrera egiteko ezintasuna izan dezake, bizitza horrek beste bizitza bat honda dezake, psikologikoki, fisikoki... berdin dio. PPri, Eliza katolikoari, bizitzaren aldeko plataforma horiei, bost axola. Hemen presazkoa dena familiak egitea da, eta familia horiek patroi berari jarraiki hazi eta bizitzea. Eta beste guztia, besteak beste, emakumeon burujabetasuna, berdintasunaren aldeko jendartearen borroka, jendarte horren beraren iritzi nagusia, egun errealitatea lazten ari diren beste hainbeste kontu konpondu nahia... muturreko feminismoa, asaldura soziala, kaosa eta desordena, Roucok ordezkatzen duen erakunde erlijioso horren begietarako, eta beste askorentzako. Hau guztia, gainera, ustezko estatu laiko batean. Non, antza, harremanak eta lankidetza izatea autoritarismo eta inposizioarekin nahasten duten batzuek, eta besteek hori onartu, otzan-otzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo