GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Apustua

Joseba Otaegik erabat bete zituen iragarpenak

Galdu arren, Antonio Senosiainek oso itxura ona eman zuen, prestakuntza bikaina erakutsiz.

p044_f01_199x108.jpg

Jon LEUNDA

Joseba Otaegik irabazi egin zuen atzo Tolosako zezen-plazan jokatu zen aizkora apustua. Amaieran bi minutu pasako aldea kendu zion, baina norgehiagoka ona izan zen. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen zituen dirutan, eta bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Enborrak erdibana eraman zituzten, eta aurrez iragarri bezalaxe, gogorrak eraman zituen plazara nafarrak, eta normalak, berriz, gipuzkoarrak. Patxi Astibia eta Juanjo Lopez izan ziren Senosiainen laguntzaileak, eta Unai Otaño eta Arkaitz Iriarte, berriz, Otaegirenak.

600 ikusle inguru batu ziren Tolosako zezen-plazan, eta dirua Otaegiren alde atera zen, astean zehar zegoen bezalaxe. Otaegi hasieratik izan zen nagusi, eta saio osoan zehar aurretik aritu zen, nahiz eta alde handiegirik ez zen inoiz egon. Lehen enborrean 20 segundoko tartea kendu zion gipuzkoarrak nafarrari, eta apurka-apurka aldea ateratzeari ekin zion. Bigarrengoan, minututik gorako tartea zuen Otaegik, baina tarte horretan enbor gogorretan ari zen Senosiain, eta bereekin Otaegi.

Horrelakoetan erreferentzia lan erdiak izaten dira, eta saio osoan zehar bezalaxe, Otaegik bota zituen lehenengo lehen hamar enborrak, eta minutu bat eta 18 segundoko tartea zuen Zizurkilgoak bere alde. Horri eutsi behar zion bigarren zatian, eta nafarrak, berriz, hori apurtu beharra zeukan irabazteko.

Unerik zailenak

Lan erdietan izan zituen unerik zailenak Joseba Otaegik, baina horri buelta ongi eman zion, eta bereari jarraitu zion, amaieran bi minutu pasako aldea lortzeko. Bazegoen Antonio Senosiain ikusteko gogoa. Aspaldian beretzat lehentasuna lanak izan du, eta bere prestakuntza nahiko utzita izan du, baina apustu honetarako oso ongi prestatu zela iragarri zuen, eta horrelaxe ikusi zen, lan ona egin baitzuen, eta hemendik aurrera kontuan hartzeko aizkolaria izango dela argi eta garbi utzi zuen Olagueko kirolari beteranoak.

Otaegik enborrez enbor egin zituen denborak honako hauek izan ziren: 1.06, 3.45, 5.53, 8.42, 11.50, 15.18, 18.40, 21.20, 24.12, 27.50, 29.59, 33.02, 37.02, 40.21, 43.46, 48.18, 50.29, 54.26, 57.33 eta 1.00.20. Antonio Senosiainen denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.22, 5.15, 8.07, 11.23, 15.09, 17.58, 20.41, 23.19, 26.05, 29.07, 32.35, 36.33, 40.33, 44.37, 48.10, 50.56, 53.41, 56.26, 59.13, eta 1.02.44.

Zizurkildarrak onartu zuen lan handia egin zuela

«Lan asko egin beharreko apustua zen hau. Berak enbor gogorrak ekarri ditu, eta segi egin beharra zegoen. Irabazteaz gain, egindakoarekin oso konforme nago. Senosiainek prestakuntza ona erakutsi du, eta uste dut berak ere lan ona egin duela», esan zuen Otaegik.

Senosiain gustura zegoen, galdu arren

«Beti irabaztea nahi izaten da, galtzea ez zaio inori gustatzen, baina uste dut lan ona egin dudala. Etxean egiten nituen denboratan ibili naiz, eta alde horretatik ez daukat kexarik. Berak ere lan oso ona egin duela uste dut», adierazi zuen amaieran Antonio Senosiainek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo