GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ISA Masters 2013: Munduko txapela hawaiiarrentzat

ISA erakundeak Ekuadorren egin berri duen Masters kategoriako munduko txapelketa Hawaiiko taldeak irabazi du. Zilarra Hegoafrikarentzat izan da.

p052_f01_235x144.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den astean herrialdekako munduko txapelketa izan zen Ekuadorren. 35 urtetik gorako mundu osoko lehiakideak bildu ziren, beren aberria ordezkatuz, eskuin olatu zoragarri batean lehian aritzeko.

ISA (International Surfing Asociation) mundu mailako surf txapelketak antolatzen dituen erakunde bat da. Teorian erakunde honek indar handia behar luke, zeren mundu mailako federazio antzeko bat da, baina kirol gehienetan balio duten egiturek ez dute arrakasta handirik surfari dagokionean.

Horregatik, surf munduan, indar handiena duen erakundea ez da ISA, ASP baizik. Azken honek diru gehiago mugitzen du eta gainera txapelketen antolaketan esperientzia askoz ere luzeagoa dauka.

ISA forma aldetik lotuagoa dagoela esan daiteke, eta gainera ez dauka diru sari handiak eskaintzeko gaitasunik. Bere helburua surfa kirol olinpiko bilakatzea da: horrela, Olinpiadetan parte hartuta, surfak beste edozein kirolen pareko estatusa lortuko luke, eta bide batez, diru sariak ere handiagoak izango lirateke.

Urtero, munduko ASP zirkuitua irabazi duen lehiakideari «munduko txapeldun» deitzen zaio, baina egiaz, ASP erakundeak ez dauka halako titulu bat eskaintzeko eskumenik. Munduko irabazlearen titulua soilik ISA erakundeak eman dezake.

Aurtengoan kide berri batekin hasi du urtea ISA zirkuituak. Danimarka gehitu da herrialde lehiakideen zerrendan, eta egun, guztira 73 dira ISA zirkuituan parte har dezaketen herrialdeak.

Horrela, urte osoan zehar modalitate eta mota desberdinetako zortzi txapelketa antolatzen ditu ISAk, eta jada, hiru txapelketa egin dituzte; Txinan, Perun, eta azkena, Ekuadorren.

Urteko lehen txapelketa urtarrilean egin zuten, Hainan uhartean, Txinan. Herrialdeen arteko txapelketa izan zen, eta bigarren urtez jarraian, urrezko domina talde australiarrak irabazi zuen.

ISA zirkuituko bigarren txapelketa martxoa hasieran izan zen. Perun egin zen Munduko Gondola eta Arraun Txapelketa, eta berriz ere, Australiako taldeak irabazi zuen, alde handiz gainera, irabazteko zeuden hamabi dominetatik bederatzi australiarrek eskuratu baitzituzten.

ISA World Tour Masters Championships izan da zirkuituko hirugarren txapelketa. Pasa den astean egin zuten Ekuadorren txapelketa hau, «Montañita Point» deitzen duten eskuin olatu eder batean eta baldintza zoragarriak izan ziren.

Master kategoria helduen kategoria da, baina egun muga non dagoen ez dago oso argi. ASP zirkuituan esaterako, garai batean, master kategoria 35 urtetik gorako surflarientzako kategoria zen, baina egun ez dago kategoria horretan munduko txapelketarik. Kategoria hau ezabatzearen arrazoia sinplea da, egun gazte aroa lehen baino luzeagoa da.

1999an Mark Ochilupo australiarrak munduko titulua eskuratu zuenean 33 urte zituen. Garai hartan pentsaezina zen adin horrekin oraindik munduko zirkuituan egon eta gainera berau irabaztea. Beranduago, Kelly Slaterrek marka guztiak hautsi zituen. Egun, 41 urterekin hamaika bider munduko txapelduna da eta munduko zirkuituan parte hartzen jarraitzen du.

Azken urteetan, aipatu fenomenoaren ondorioz, Master kategoriarako adina atzeratzen joan dira. Iaz, esaterako, oraindik aintzat hartzen zen kategoria hau ASP zirkuituan, baina jada ez zen lehen bezala 35 urtetik gorakoentzako eremua, 45 urtetik gorakoentzako baizik.

ISA erakundeak 35 urtetik gorako irizpidea errespetatzen jarraitzen du, baina sailkapen bereziak egiten ditu. 35 urtetik gorakoen kategoriak «Masters» izena du. 40 urtetik gorakoak berriz, «Grand Masters». 45 urtetik gorako lehiakideak «Kahunas» kategorian sartzen dira. Eta azkenik, 50 urtetik gorakoak, «Grand Kahunas» kategorian. Horrez gain, beste bi multzo ere badaude lehiatzeko. Batetik, nesken kategoria legoke, 35 urtetik gorako edozein biltzen duena, eta bestetik «Aloha Cup» kategoria legoke, herrialdeak taldeka lehiatzeko kategoria alegia.

Ekuadorren, aipatu kategoria guzti hauek egin zituzten, eta azkenean, kategoria bakoitzeko puntu guztiak batuta, Hawaii izan zen herrialde garailea.

Grand Kahunas kategoriako irabazlea Chris Kutsen hegoafrikarra izan zen. Laugarren aldia da lehiakide honek urrezko domina eskuratzen duela eta pozarren agertu zen: «Laugarren domina hau irabazteko irrikaz nengoen, horrela ditudan lau iloben artean bana ditzaket dominak. Bakoitzarentzat bat».

Kahunas kategoriako irabazlea Mike Latronik hawaiiarra izan zen, antzinako filmetan Sunseteko olatuetan surf egiten agertzen zen morroi argal hura. Urteak pasa eta zimurrak ugaritu arren, lehen bezalako estilo elegantearekin surf egiten jarraitzen duela frogatu zuen.

Grand Masters kategoriako irabazlea ere hawaiiar bat izan zen, Sunny Garcia. Irabazi bakarrik ez, bi metroko eskuin olatu ederretan gozatu egin zuen 2000. urteko munduko txapeldunak.

Masters kategorian irabazlea hegoafrikar bat izan zen, Greg Emslie. Nesken kategorian Layne Beachey australiarra. Eta taldekako Aloha Cup kategorian, irabazlea talde australiarra izan zen.

Denera, herrialde bakoitzak kategoria bakoitzean bildutako puntuak batuta, Hawaii izan zen urrezko domina irabazi zuen taldea. Bere atzetik, zilarrezko domina Hegoafrikako taldearentzat izan zen. Brontzezko domina AEBetako taldeak eskuratu zuen. Eta kobrezko domina brasildarrentzat izan zen.

Zirkuituko hurrengo txapelketa Panaman izango da, maiatzaren 4a eta 12a bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo