Surflari Ernegatua
Surflari profesionala
Esperientziak esaten dit talentua duten surflariak jende oso bitxia izan ohi direla, olatua irakurtzeko modu oso berezkoa izan ohi dutela, eta inor antzeztu gabe, estilo propioarekin distira egiteko gai den jendea izaten dela. Nire ustez, oso gutxi dira munduan talentua izan eta gainera lan egiteko prest daudenak.
Esfortzua egiteko prest dagoen talentuzko edozein surflarik, gurean, sekulako arrakasta izango luke, oraintxe bertan, ezagun diren surflariak, egin duten lanari esker baitaude dauden lekuan. Txapela kentzekoa da, baina talentuzko surflaririk apenas dagoela ere onartu behar da. Egon daitezkeenak, edo izan direnak, aipatu izaera berezi hori dela-eta, bidean desagertu dira.
Surflari profesional bat, txapelketetan ibiltzen den lehiakide prototipoarekin lotzen da, baina ez du zertan horrela izan. Nire herrian surf egiten hasi ziren lehen gazte haiei, txokolate eta txurroak ematen zizkieten hondartza ondoko tabernariek haien parean itsasoratu zitezen. Modu horretan, bezeroak erakartzen baitzituzten eskaintzen zuten ikuskizunarekin.
Beranduago, neguan aguazil buru eta udan hondartzako zaintzaile zenak, bere semea eta haren lagunak korronte ondoko urautsian surf egitera bidaltzen zituen eta norbait itotzen ikusiz gero berau erreskatatzeko agindua zuten. Ordainetan, eskupekoa jasotzen zuten surflari-sorosleek.
Gero, txapelketak etorri ziren, marka izenak, surfaren booma, zabalkundea, kirol statusa, esentziaren desitxuratzea, komunikabideen sentsazionalismoa eta gizartearen onarpena. Gauza asko aldatu dira, batzuk onerako, besteak txarrerako.
Ostiral arratsaldetan urautsietan egoten den giro kaskarra ikusita, surf egiteko moduan baino, funtsean, izan den aldaketa nagusia, itsasoratzeko moduan izan dela esango nuke. Lehen, itsasoa, olatuak eta surfa, lehorreko arazoak han atzean uzteko bitarteko bat ziren. Orain, jendeak, lehorreko arazoak, estresa eta jarduteko modua, urautsira eramaten ditu.
Horrelakoetan, eskupeko baten truke korronteak zaintzeko ardura zuten surflari haiekin gogoratzen naiz. Nola gustatuko litzaidakeen, itsasoak eramaten dituenak salbatu ala ez erabakitzeko eskumena izatea. Ez pentsa kriminal gisa jardungo nukeenik, ez horixe, polizia moduko bat izango nintzateke, alegia, borondate oneko herritarrek deitzen duten bezala, profesionala. Horretarako ez da esfortzu edo talenturik behar.