DERBI OSASUNA-REAL
Realaren atzeko seikotea nabarmendu du Mendik
R.S. | IRUÑEA
Haserre itxura eta inpotentzia puntu bat agertu zuen Mendilibarrek prentsa-aretoan, berdinketa ontzat eman zuen arren. Norgehiagoka «oso zaila» izan zela aitortu zuen Zaldibarkoak, eta batez ere Realak defentsan egindako lanari egotzi zion.
Reala ez dela talde bat, bi baizik, argudiatu zuen: «Atzeko sei jokalariak daude, batetik, eta aurreko laurak, bestetik. Gaur atzeko seiak beti atzean tinko egon dira. Ikusi besterik ez da Carlos Martinez bigarren zatian ez dela apenas zelai erditik pasatu». Zuri-urdinek gainerako partiduetan baino atzerago jokatu zutela azaldu zien Iruñeko kazetariei entrenatzaileak.
Horiek horrela, Osasunari Bravoren ateraino iristea oso zaila egin zitzaiola baieztatu zuen Mendilibarrek. «Nire ustez, kanpoko jaurtiketak bilatu behar genituen hasieratik, horrela beraiek pixka bat aterarazteko».
Ezintasun hori alde batera utzita, taldeak egindako lanarekin konforme ageri zen Mendi, eta puntua baliagarria izan daitekeela erantsi zuen: «Aspaldi ez genuen berdinketarik lortzen» (aurreko etxeko hiru norgehiagokak galdu egin ditu Osasunak).
«Silva, leher eginda»
Interes berezia zuen prentsaurrekoak, Sadarren estreinako aldiz zaleen txistuak entzun baitzituen Mendik, Silva ordezkatu ondoren. Aurretik ere, txiletarra bezala partidu ona osatzen ari zen De las Cuevas kentzeak zurrumurru batzuk eragin zituen harmailetan.
«Silva leher eginda zegoen -azaldu zuen Mendilibarrek-. Hanketan kalanbreak zituen eta ia-ia berak eskatu du aldaketa». Kontua da «Katua» kendu eta Puñal zelairatu ostean Osasunak jokoaren kontrola galdu egin zuela, eta estualdi galantak pasa behar izan zituen azkeneko minutuetan.
Vallecasi begira jarria zen dagoeneko Mendilibar, atzoko puntuak ezer ez duelako argitzen. «Hirurak lortuz gero, alde handia lortuko genuen, baina ezin da izan. Betikoa da: ezer lortzen ez duzunean puntua nahi duzu, eta bat lortzen duzunean, hirurak». Armenteros eta Oier ez dira Madrilen izango, atzo ikusitako txartelek zigorra dakartelako.
Bitartean, gainerako futbol zelaiei begira jarraitu beharko dute gorritxoek. Gaur, esaterako, Vigora. Celtak Zaragozari irabaztea onena litzatekeela uste du Mendilibarrek.
Nano eta haizea
Jokalariei dagokienez, Nano izan zen hamaikakoaren aurpegi berriena, bi hilabete pasatxo jokatu gabe eman baitu. Egindakoarekin gustura zegoela esan zuen galiziarrak, baina akats nabariak egin zituela ere ezin izan zuen ukatu. Zelai barruan haizeak traba egiten zuela argudiatu zuen.
Andres Fernandezek eta Alvaro Cejudok ontzat eman zuten 32. puntu hau. Batak zein besteak Realak aurrealdean duen arriskua nabarmendu zuten, eta Osasunak orokorrean zuri-urdinei ondo eutsi ziela aipatu zuten. Irabazteko aukera garbirik ez zutela sortu onartu zuten etxeko jokalari gehienek, eta ondorioz berdinketa egokitzat jo zuten.