GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Amorrua oztopoa baino ez da bidean; orain elkarrizketarako irekita egon behar dugu»

p010_f02.jpg

Haritz Gartxotenea eta Aritz Labiano
Preso politiko ohiak

Hamabi hilabetez espetxeratu zituen Auzitegi Nazional espainolak Haritz Gartxotenea eta Aritz Labiano Palentzian eta Leonen, hurrenez hurren, lekuko anonimo batek ETA goraipatzen ikusi zituen akusazioan oinarrituta. Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman die orain, jada aske daudela.

Oihane LARRETXEA | ZARAUTZ

Anonimotasunean babestutako lekuko batek Haritz Gartxotenea Xaporra eta Aritz Labiano Labi zarauztarrei 2009ko Gudari Egunean egindako manifestazio batean ETA goraipatu izana leporatu zien. Auzitegi Nazional espainolak urtebeteko espetxe zigorra eta sei urteko gaitasungabetzea ezarri zien eta Auzitegi Gorenak zigorrak berretsi zituen. Honen aurrean, oihartzun handia izan zuen protesta ikusgarria egin zuten Santa Barbarako paretatik zintzilikatuz.

Lehengo astean askatasuna berreskuratu zutenetik urtebete bete zenean, Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman die, argudiatuz soilik lekuko anonimo baten testigantza ez dela nahikoa espetxeratuak izateko eta ez zutela euren burua defendatzeko aukerarik izan.

Ez dute, ordea, amorrurik sentitzen, horrekin ezin delako bidean aurrera egin. Lekukoa sentimendu horrek bultzatu zuela uste dute: «Salaketa jartzeko izan zuen ausardia eskatzen diogu orain, aurpegia eman dezan».

Nola jaso duzue Auzitegi Konstituzionalaren erabakia?

Aritz LABIANO: Sorpresaz. Ez genuen espero, ezta babes eskaera tramitera onartu zezaketenik ere. Aurrez geneukan esperientziagatik behintzat ez. Auzitegi Nazionalak bere epaia kaleratu ondoren Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu genuen baina ez zuten tramitera onartu. Hurrengo urratsa Konstituzionalera beste helegite bat bidaltzea izan zen. Egia esan, ez genuen gure alde egingo zuten itxaropen handirik.

Haritz GARTXOTENEA: Nik galdutzat eman baino ia-ia ahaztuta nuen kontu hau. Izugarrizko poza hartu dugu; arrazoia eman digute.

Arrazoia duzuen errekonozimendua ona da, baina zein sentsazio eragiten dizue zigorra bete ostean heldu izanak?

A.L.: Gazi-gozoa, baina ez dugu gehiegi pentsatu barruan pasa dugun denboran; pasatakoa pasa da eta orain horri bueltak emateak ez garamatza inora. Hala ere, norberak pasa duena baino gehiago, gure ingurukoek pasa behar izan duten horretan pentsatu dugu, hau guztia ekidin zitekeelako. Poza handiagoa da amorrua baino.

H.G.: Gozoa gehiago da gazia baino. Halako helegite bat batez beste bost urtez luzatzen da. Hortik ikusita, garaiz eta guzti iritsi da, zeren bi urte besterik ez dira igaro eta erantzuna mahai gainean dugu. Pasa dena pasa da, hau iritsi ez balitz oraindik beste lau urteko gaitasunga- betze zigorra izango genuke aurretik betetzeko.

Hau dena gertatu zenean eskola publikoetan lanean nenbilen, eta zigorrak galarazi egin zidan. Sekulako poza hartu dut, alde ederra baitago beste lau urtez lanik egin ezinik egon edo orain lanean aritu ahal izatearen artean.

Epaia oso argia da. Bertan dio lekuko anonimoaren testigantzan soilik oinarritzea ez dela nahikoa zigortu ahal izateko. Egunkariko orri hauen bidez lekuko horri ezer esateko aukera izango bazenute, zer esango zeniokete?

H.G.: Gorrotoarekin ez goaz inora, izan ere, halako salaketa bat egitea zer da ba? Gauzak konpontze aldera bidea ez da hori; hori oztopoak dira. Irekiak egon behar dugu elkarrizketarako eta aurrera begira jarri.

A.L.: Zerbait esatekotan esango nioke salaketa hori egiteko ausardia izan zuen bezala orain momentuan ausardia izan dezala aurpegia eman eta ea gai izango litzatekeen aurrez aurre hitz egin ahal izateko, adostasun batera iristeko, jakin ahal izateko zer dela-eta egin zuen. Bere testigantza horrek sufrimendu asko eragin du. Iruditzen zait aurrera begira aberasgarria izango litzatekeela denontzat mahai inguruan hitz egin ahal izatea.

Aipatu duzun ausardia horri komatxoak jarriko zenizkioke?

A.L.: Zalantzarik gabe. Ausardia hori koldarkeria izan da maila batean, azken finean legeak berak babestu izan du jende konkretu hau, zelatari anonimoaren figura legeak berak bultzatu zuen. Figura horren aterkipean askok eta askok egin ahal izan dute guri pertsona honek egin diguna.

Lekuko anonimoaren testigantzagatik zigortuak izan zinetenean ohartarazi zenuten horrek aurrekari arriskutsu bat marraztu lezakeela. Oraingo ebazpena uste duzue beste aurrekari bat izan daitekeela? Hau da, testigantza anonimoek ere mugak badituztela?

A.L.: Kontu bat zehaztea garrantzitsua da. Konstituzionalak ez du zalantzan jarri pertsona hau babestuta mantendu behar zenik, hori legeak ahalbidetzen baitu. Zalantzan jartzen du, ordea, pertsona konkretu batek, bai babestuta testifikatzen badu edo ez, ezin dezakeela bere hitzarekin soilik beste pertsona bat akusatu eta kondenatu, froga gehiago aurkeztu behar direla. Hori da aurrekari izan daitekeena, ez zaie hain erraza izango batzuei testigantza hutsarekin pertsona batzuk kartzelatzea. Bide bat zabaltzen da.

Zer azpimarratuko zenukete prozesu osotik? Lau urte pasa dira gertakariak jazo zirenetik.

H.G.: Zaila da hitz bakarrean esatea, baino inpotentzia batez ere. Madrilera deklaratzera eraman gintuztenean bagenekien dena gure kontra zegoela. Aurrez kondenatuak izatearen sentsazioa genuen, bagenekien han ez genuela babesik jasoko. Aldez aurretik kasua galduta genuen sentimendua genuen.

A.L.: Aurrez idatzita zegoen gidoia zen, eta gertatu zen gertatu behar zuena, justiziarik ez dago han guretzat. Eta gurekin gertatu zen bezala, beste milaka euskaldunekin gertatu da.

Ebazpena eskuetan, urratsik egitea aztertu al duzue?

A.L.: Abokatuek aztertu dituzte kalte-ordainak, baina uste dut ez daukagula horretarako aukerarik. Hala ere, orain ez da guk buruan duguna, ez gaude horretan. Egoera berrira bueltatzeko gogoz gaude, normaltasuna berreskuratzeko. Batez ere lanarekin zabaldu zaizkigun aukerak aprobetxatzeko.

Santa Barbaran egin zenuten ekintzak oihartzun handia izan zuen, eta jaso zenuten babesa ere handia izan zen. Mobilizazioa ere ikusi berri dugu Donostiako Aske Gunean. Hori gerora gogoratzen al da?

A.L.: Hori izugarria da, horrekin gelditzen zara. Barrura zoaz eta badakizu beste bizitza bat hastear dagoela, ezberdina eta erraza izango ez dena, baina behintzat oso indartsu sartzen zara, babes horri esker. Eta hor gelditzen dira argazki horiek guztiak, barrenean. Kotxean sartu gintuzte- nean, jendeak autoak nola kolpatzen zituen... elkartasun hori gabe dena ezberdina izango litzateke, zalantzarik gabe.

Pasatakoa pasa dela diozue. Aurrera begiratzea ezinbestekoa da egoera irauli ahal izateko?

A.L.: Balorazio bat egiterako garaian atzera begiratu dezakegu, eta gure sentimenduak azaldu. Halako epaiekin, makrosumario, «Parot doktrina», dispertsio edota larri gaixotuta dauden presoengatik ere eskatu geniezaioke, bai Espainiako Gobernuari, baita Frantziakoari ere, eragin duten sufrimenduaren errekonozimendua eta barkamena. Beste hainbeste alderdi politikori eta euskal jendartean beste aldera begiratu dutenei. Baina, honek nora garamatza?

Madrilek eta Parisek eragindako blokeoa gainditzeko garaia dela uste dugu, eztabaida antzuetan murgiltzen bagara ez dugu inoiz aurrera egingo. Gure ezaugarri komunetan indarra jarriz, bada garaia aurrera egiteko.

H.G.: Oraindik 60o preso baino gehiago daude espetxeetan, beste asko sasian, jende asko sufritzen ari da... egoera larri asko pairatzen ari gara eta hori gainditzeko borondatea ezinbestekoa da.

A.L.: Borondatea horrelako adierazpenekin frogatzen da.

 

koldarkeria

«Lekukoaren ausardia koldarkeria izan zen. Anonimotasunaren aterkipean askok egin dute guri pertsona horrek egin ziguna»

gaitasungabetu

«Ebazpen honek ateak ireki dizkigu berriro lanean aritu ahal izateko, sei urterako gaitasungabetu baikintuzten. Hori oso garrantzitsua da»

herri babesa

«Espetxeratu aurretik jasotako babesa izugarria da, hori ez da sekula ahazten. Barrura zoaz, baino oso indartsu. Elkartasun hori gabe guztia ezberdina litzateke»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo