GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Hasieratik ikusten zen aparteko kolpea zeukala, baita ezkerrez ere»

p036_f02_546x564.jpg

Anizeto Lazkano

Pilotari ohia eta Asegarceko teknikaria

Ia hamar urte daramatza Anizeto Lazkanok Asegarcerekin lankidetzan, profesionaletara jauzia eman dezaketen pilotari gazteen entrenamenduak zuzendu eta haien lana gainbegiratzen. Jon Ander Albisuren bidea ere gertu-gertutik jarraitu du azken urteotan, eta horrexegatik, sekulako poza hartu du Binakako Txapelketan finaleraino iritsi dela ikustean.

Asier AIESTARAN

Miguel Soroaren oroimenezko torneoa antolatzen buru-belarri dabilen arren, tarte bat hartu du Anizeto Lazkanok GARArekin hitz egiteko.

Gogoratzen al zara noiz eta nola izan zenuen lehen aldiz Jon Ander Albisuren berri?

Nik Jon Ander 14 urte zituenean ezagutu nuen, 15 egiteko ez zuen asko faltako. Egun batean Tolosan jokatzen ikusi nuen eta atentzioa eman zidan. Gero urtebete egon nintzen haren berririk eduki gabe. Ez zuten inon apuntatzen eta berak 16 bat urte zituela Ataunen jokatzen zuela ikusi eta hara joan nintzen. Bere amarekin hitz egiten egon nintzen orduan eta harremanetan egon ginen orduz geroztik. Galdetu nion ea Tolosara etorri nahi zuen entrenatzera eta baiezkoa eman zuen. Delegatuarekin ere hitz egin nuen eta inork ez zuen arazorik ipini. Asegarceko filialaren barruan sartu nuen eta gustura entrenatzen zuen. Akordioa handik gutxira sinatu zuen.

Ordurako ikusten al zitzaion pilotari izateko gaia?

Kondizioak sekulakoak ikusten zitzaizkion hasieratik, baina kosta egiten zitzaion pilota barruan sartzea. Baina ikusten zen aparteko kolpea zeukala, ezkerrez ere izugarri jotzen zuela. Nik beregan sinismen handia eduki izan dut beti. Hasieran Goierri inguruan ibiltzen zen batez ere, eta gerora Antiguan parte hartzen hasi ginen, eta han ere irabazi zuen. Eta gero, astero ahal bazen, Asegarceko profesionalekin entrenatzen hasi ginen.

Profesionaletara igarotzeko garaia ere azkar iritsi zen.

Ikusten zen profesionaletarako jauzi hori zertxobait prezipitatua izan zitekeela, baina ordurako sekulako pilotakadak jotzen zituen eta buruz buru jokatzeko ere dohain ezin hobeak zituen. Beldur pixka bat beti izaten da, baina berari ere ilusio handia egiten zion profesionalekin jokatzeak eta aukera izan zuenean ba aurrera, normala den bezala.

Gaur egun gazteek ez al dute askotan azkarregi debutatzen?

Maila batera iritsitakoan hobetzeko modu ia bakarra profesionalekin entrenatu eta hor goikoekin jokatzea da. Afizionatuetan jadanik askoz gehiago ezin zuten egin. Uste dut Zabaletari ere berdin pasa zitzaiola. Ikusten zitzaizkion dohain izugarriak pilotan jokatzeko, eta hobetzeko hor barruan sartu behar zuen. Eta ikusten da orain zer-nolako maila ematen ari den. Azkenean onenekin jokatzen duzunean gehiago ikasten da, motibazioa ere desberdina izaten delako kasu askotan.

Zer iruditu zaizu Albisuren lana aurtengo txapelketan?

Esango nuke bi fase egon direla. Aurreneko lau partidetan izugarri jokatu zuen eta bere kidea, Pablito, ez zen bere mailan ibili. Gero, ordea, eskua pixka bat mindu egin zitzaion, eta astea joan, astea etorri, eskua errekuperatu ezinik ibili zen. Orduan Pablok hartu zuen joko puntua, eta Jon Ander berriz galtzen joan zen. Alderantzizkoa gertatu zen, Pablo zen bikotearen aukerei eusten ziena. Eta orain, berriz, biak daude oso ongi. Albisuk konfiantza berreskuratu egin du, eta ikusi da orain arte eskuko min horrek ez ziola uzten behar bezala entrenatzen. Hori sendatutakoan konfiantza hartu du bere buruarengan eta azkeneko bi partidak sekulakoak jokatu ditu.

Sekulako poza izango zen horren gertutik ezagutzen duzun mutil bat finalean ikustea, gipuzkoarra gainera.

Poz handia hartu dut ikusita zer sufritu duen mutilak. Uste dut egur dezente eman zaiola. Bere hutsak besteenak baino askoz gehiago nabarmendu dira. Egia da pilota asko galdu duela zenbait partidatan, baina ez dago hainbeste aldiz errepikatu beharrik egunkarietan. Horrek ematen zidan amorru pixka bat. Badakit alde horretatik oso gaizki pasa duela. Eta orain ba oso pozik nago, badakidalako nolako mutila den, umila, apala eta kritikek afektatu egiten diote normala den bezala. Nik esaten diot nortasun gehiago atera behar duela frontoian, baina nahiago dut horrelako izaera duen mutila beste batzuena baino.

Gainontzean, zer-nolako maila ikusten duzu gazteen artean?

Jendea ari da lanean, mutil dezente dabiltza, baina gora iristeko ez daude asko. Aterako dira batzuk, beti atera izan dira, baina zer mailatakoak... hor dago koxka. Bigarren mailan asko ibiltzen dira, baina hurrengo urratsa da zailena. Hor gora iristea beti izan da zaila.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo