Informazio eskubidearen aurkako erasoak, Ertzaintzaren jarrera zigorgabearen erakusgarri
Donostiako Aske Gunean Ertzaintzak erakutsitako jarrera ez zen eredugarria izan, hain justu. Lander Arbelaitz «Argia» astekariko kazetariak jasotako tratua jarrera horren lagin bat baino ez da, lagin kezkagarria, Euskal Kazetarien Elkartearen haserrea eragin duena. Lehenik, lagun bat, edozein lagun, horrela tratatzea ez baitu ezerk justifikatzen; izan ere, ez zegoen, ezta hurrik eman ere, polizien segurtasuna arriskuan, eta kazetariak ez zuen inolako istilurik eragin. Baina, bigarrenik, Arbelaitzen aurkako erasoa informazio eskubidearen aurkakoa ere izan zen. Zenbait bideok erakusten dutenez, Arbelaitzek hasiera-hasieratik erakutsi zuen kazetari akreditazioa eta, hala ere, lurrera bota eta kolpe ugari jo zizkioten. «Hil dadila» ere esan zuen ertzain batek, zoritxarrez ohikoa den jarreraren erakusgarri, ondoriorik izango ez duen ziurtasunarekin jokatzen dutenen jarreraren erakusgarri. Hori gutxi izan balitz bezala, han ziren kazetarien mugimenduak mugatu izanak ere erakusten du azken hauteskunde kanpainan hasitako eztabaidaren beharra, polizia ereduarena, alegia. Eztabaida horrek luze joko bide du, baina dagoeneko argi dago zein eredu baztertu beharra dagoen.