GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Lehen eta azken musuak

Ez omen da inoiz ahazten inori ematen diogun lehen musua. Urteak joanagatik eta ondotik goxoagoak etorriagatik, lehen harentzat oroimenean tarte berezia gordetzen omen dugu. Zerrendan duen tokiagatik baino, uste dut hark eragindako sentsazioengatik dela une horretan sonatuagoa eta geroago gogoratuagoa lehen muxu hori. Irudi biltegian ez ezik, sentsazioen biltegian ere tematzen gara haren oroimena gordetzen, haren usaina, haren zirrara.

Inori emandako azkena ere nekez ahazten da; akaso azkena zela jakin eta gogoangarri egin genuelako apropos; akaso, aurretik emandakoak oroitzen baino intentzio handiagoa jartzen dugulako hura ez ahazten, azkena zelako. Azkena ematerik ez denean, aukera hori eman ez digutenean, azken-aurrekoa da azkena zerrendan, baina ematerik izan ez dugun haren amorruak itxuraldatzen du, nahi gabean garrazten du.

Tamalez, urrutiko haiek ere badakite zeinen berezi eta beharrezkoa den lehen eta azken musuak eman eta jasotzea eta horregatik tematzen dira horrenbeste haiek ekidin eta zapuzten. Beso artean nahi lukeen seme txikiari lehen musua ematea debekatzen dute horregatik, azken hatsa hartu berri duen aitari azkena ematea ekidin, elkar kontsolatzeko beharra duten ama-semeen besarkada atzeratu.

Baina distantziara botatako musuei usain hartzen ikasitakoak badira, gertukoen deskribapenen laguntzarekin urrutian dagoena ikusten ikasitakoak, irakurritako hitzak entzuten trebatutakoak... Zailtasunak zailtasun, badituzte, izan ere, kartzela ondora joan eta, urrutitik bada ere, musuak luzatzeko prest daudenak; asteburua joan eta asteburua etorri kilometro ugari egin beharragatik ere, musurik gabe utziko ez dituztenak; bisitako hizketaldiekin eta telefono deiekin istant batzuetan indarrez utzarazi zieten herrira gerturatzen dituztenak; handik etorritako musuak ematen dizkietenak. Finean, askatasun usaina izango duen lehen muxu harekin amets egiten laguntzen dietenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo