GARA > Idatzia > Ekonomia

Metaleko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak gogortuko ditu LABek

Metaleko enpresetan sinadura bilketa «arrakastatsua» egin ostean, herrialdeko hitzarmenaren aldeko protestak gogortuko dituela iragarri du LABek. Bide horretan, gainerako sindikatuekin harremanetan jarri dira, eta UGTk eta CCOOk aldeko jarrera agertu dute.

p023_f02.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Uztailaren 7rako bi hilabete baino falta ez direnean, herrialdeko hitzarmenaren aldeko mobilizazio dinamikan urrats berriak egin beharrean ikusi da LAB sindikatua. Metalgintzako delegatu sindikalek agerraldia egin zuten atzo Donostian, negoziazioen blokeo egoeraren aurrean protestak gogortuko dituztela jakinarazteko.

Jon Ander Goñi metaleko arduradunak adierazi zuenez, negoziazio mahaiak «ez du gehiagorako ematen». Patronalak hartutako jarrera itxia salatu zuen, sindikatuek egindako proposamenei eskaintza gogorragoekin erantzun baitie.

Negoziazioak ez atzera ez aurrera zeudela ikusirik, sinadura bilketa egin du sindikatuak sektoreko enpresa guztietan emaitza «arrakastatsuak» lortuz. Horrek mobilizazioak indartzera bultzatu du sindikatua, eta gainontzeko sindikatuekin bildu ostean, maiatzerako agenda zehaztuko du hurrengo egunetan.

Erantzunaren zain

Azken asteetan UGT, CCOO eta ELArekin bildu dira LABeko ordezkariak, eta Goñik azaldu zuenez, jarrera oso ezberdinak sumatu ditu bilera hauetan. Horrela, CCOO eta UGT mobilizazioak gogortzearen alde agertu dira eta herrialdeko hitzarmenaren aldeko apustua berretsi dute.

Ostera, M-30eko greba orokorraren harira zenbait zalantza agertu dituzte. Momentuz, metaleko hitzarmenaren aldeko protestei helduko dietela uste du LABek, nahiz eta Goñik ohartarazi zuen maiatzaren 30eko greba negoziazio kolektiboaren eta herrialdeko hitzarmenen aldeko greba ere badela, finean, lan erreforma izan delako negoziazio eredua «hankaz gora» jarri duena.

ELA sindikatuari dagokionez, oraindik ez du mobilizazioen inguruko erantzunik eman. LABen ustez, sektorearen arabera jarrera ezberdinak agertu ditu ELAk. Ildo horretan, metaleko hitzarmenak balio gutxiago ote duen galdegin zuen LABek eta ELAk afiliatu gehien metalean dituela gogorarazi zuen.

Gainontzeko sindikatuen erantzunaren zain, hurrengo egunetan mobilizazio agendaren berri emango du LABek eta Bizkaia eta Arabara hedatzeko aukera ere aztertuko du.

maiatzak 30

Maiatzean protestak eta grebak deituko ditu LABek metaleko hitzarmenaren alde. Era berean, M-30eko greba orokorra lan erreformak «hankaz gora» jarritako negoziazio kolektiboaren aldeko protesta ere badela ohartarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo