GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bigarren Ibarra presoaren senideek istripua izan dute Lugorako bidean

p015_f02.jpg

GARA | BILBO

Pasa den apirilaren 20an, larunbatean, Bigarren Ibarra preso bilbotarraren alabak eta anaiak istripua izan zuten Lopidanan, Gasteizen, beren autoak beste auto batekin talka egitean. Presoaren alabak toraxeko traumatismoa izan zuen, segurtasun uhalarekin min hartu eta gero. Halere, senideek Monterrosora (Lugo) iritsi eta Ibarra bisitatu ahal izan zuten.

Larunbateko hau dispertsioak 2013. urtean eragin duen hirugarren istripua izan da. Guztira zazpi senide eta laguni eragin diete istripuok. Etxerat elkarteak jakinarazi zuenez, sakabanaketa martxan jarri zenetik 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan.

Ongietorria Sansebastiani

Bestalde, Kazeta.info-k plazaratu zuenez, Beñat Sansebastian euskal preso politikoa aske geratu da, eta pasa den asteburuan harrera egin zioten Biarrizko aireportuan.

Sansebastian libre gelditu ondoren Biarrizko aireportura ailegatu zen. Bertan zain zituen lagun eta hurbilekoak, harrera egiteko. Txalaparta doinuen artean eman zioten ongietorria eta aurresku bat ere dantzatu zioten. Ondoren Senperera joan ziren, presoen aldeko bazkarian parte hartzeko. Bertan beste ongietorri bat egin zioten, lore eskaintza baten bitartez.

Juanra Rojo preso irundarrari ere harrera egingo diote larunbatean, 21 urte kartzelan eman ondoren.

Presoen eskubideen alde mobilizazioak egin ziren hainbat herritan: Euban (10 lagun), Altsasun (34), Trintxerpen (12), Zaldibian (22), Astrabuduan (12), Sopelan (22), Ondarroan (50), Iruñean, PPren egoitzaren aurrean (51), Altzan (19), Gernikan (29), Zaldibarren (18), Otxarkoagan (17) eta Iurretan (32).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo