PROFILA Bitxikeria
Hogei orduan hiru txapel irabazi zituenekoa
Gazteen mailan, 17 urterekin, Lodosako, Leitzako eta Amezketako torneoak irabazi zituen segidan.
Asier AIESTARAN
Albisurekin gertatu izan den bezalaxe, Jose Javier Zabaletari ere gaztetxotatik antzematen zitzaion pilotarako dohain eta gaitasun apartak zituela. Zentzu horretan, bereziki aipagarria da, artean gazteen mailan zela, etxarrendarrak lortu zuen balentria, hogei ordu eskasean hiru txapel irabaztea.
2008ko irailean izan zen, Zabaletak 17 urte zituela. Lodosa, Leitza eta Amezketako finalak jokatu zituen, hirurak asteburu berean, eta denak irabazi zituen. Gainera, polita da egiaztatzea gaur egun profesional mailan dabiltzan gazterik onentsuenak protagonista izan zirela final haietan ere.
Lehenengo hitzordua larunbat arratsean izan zuen, Lodosako torneoan. Zabaletak Ion Jaunarenarekin osatzen zuen bikotea eta garaiko kronikek aipatzen dutenez, 13-0 galtzen hasi ziren. Hala ere, partidari garaiz buelta eman eta 22-16 irabazi zuten azkenean.
«Hiru finaletatik zailena izan zen, oso atzetik ibili ginelako markagailuan. Jaunarenarekin hitz egin nuen eta nola edo hala hamar tanto egin behar genituela erabaki genuen. Horrela hasi ginen, apurka-apurka, eta berari esker irabaztea lortu genuen. Nafarroan gazteen mailan dagoen aurrelari onena da, sekulako kolpea dauka eta tantoa ederki amaitzen du», esan zion orduan «Diario de Navarra»ri egun Aspen enpresakide duen Leitzako aurrelariari buruz.
Bigarren finala Leitzan bertan jokatu zuen, igande goizean eta berriz ere Jaunarena bikotekide zuela. Aurkariak, Ansotegi, Irurtzungo pilota eskolan berekin aritzen zen aurrelaria, eta Jon Ander Albisu, datorren igandean parean izango duen atzelaria.
Larunbatean etxera gauerdia pasata eta hala moduz afalduta iritsi arren, Zabaletak 22-5 irabazi zuen final hura ere. «Nahiko erraza izan zen, Albisuk ez zuen bere egunik onena izan eta Jaunarenak bikain jokatu zuen. Nik pilotari eutsi baino ez nion egin eta, neurketa motza izan zenez, eskuak gutxi zigortu nituen», onartu zuen bigarren txapel hartaz.
Hirugarren eta azken hitzorduari igande arratsaldean heldu zion, Amezketako Joxean Tolosa Txapelketa entzutetsuan. Arzelusen aurka jokatu zuen buruz buru eta, faboritotzat jotzen ez zuten arren, 18-6 irabazi zuen nafarrak.
«Ezin nuen erritmo altuan jokatzera irten, baina bai nire lana ongi egiten saiatu. Presaka jokatzea izaten da akatsak egitearen arrazoia askotan. Une oso txarrak pasa nituen, bederatzigarren koadroan sufritzea tokatu zitzaidan, baina zortea alde izan nuen eta tantoak nire alde erortzen joan ziren», onartu zuen umiltasun osoz etxarrendarrak.
«Ez da horren erraza izango»
Ia bost urte beranduago asteburu hartaz dituen oroitzapenez galdetuta, Zabaletak argi utzi du orduko apaltasuna ez duela galdu, nahiz eta orain profesional mailako final bat jokatzeko atarian egon.
«Hiru txapelketetan apuntatu nintzen eta suerte pixka batekin hiru finaletara heldu. Gero, gainera, final guztiak egun batean izan ziren, bat larunbat gauean eta beste biak igandean. Zortea izan nuen eskuekin, ondo amaitu nuelako eta ez nuelako inolako minik izan», aipatu dio GARAri.
Albisuren aurkako finala ere ez zaio ahaztu. «Leitzako finalean Albisu izan nuen arerio. Ni Jaunarenarekin nintzen eta bera uste dut Ansotegirekin zela. Egun hartan guk irabazi genuen, 22-5, baina seguru asko igandekoa ez da horren erraza izango», gehitu du nafarrak txantxetan.
Espero dezagun, ikuskizunaren mesedetan, hala izatea, pena handia bailitzateke kirol ibilbide paraleloa daramaten bi atzelari gazte hauen arteko lehia -urtebete baino gutxiagoko aldea dute bai adinean bai profesionaletan daramaten denboran- horren motza suertatzea.
«El día de la presentación del campeonato sí que estuve algo nervioso, pero luego los días de partido y las previas lo suelo llevar fácil».
«Creo que el oficio lo estoy aprendiendo en profesionales, a base de partidos. Los primeros siete partidos los disputé contra Beroiz y no puede haber mejor profesor».
Martinez de Irujok eta Zabaletak atzo egin zuten azken entrenamendua Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Etzi material aukeraketa izango dute bertan eta igandera arte ez dira itzuliko finala hartuko duen frontoira.