Parisek Lurraren Erakunde Publikoari «lapurreta egin» nahi diola diote hautetsiek
Frantses Gobernuak lurren egitura publikoak orokortzeko duen asmoa kezkagarritzat jo dute tokiko hautetsiek, Ipar Euskal Herrian dagoen mota bereko egitura xurgatua izango dela uste baitute. Hautetsien ustez, Gobernuaren zentralismo nahikeria dago horren gibelean.
Ainize BUTRON | BAIONA
Espekulazioari gaina hartu nahian, 2007an sortu zen Ipar Euskal Herriko EPFL, tokiko Lurraren Erakunde Publikoa, eta geroztik, etxebizitza sozialetara edo proiektu publikoetara bideratzeko 170 bat hektarea bereganatuak ditu. Ipar Euskal Herria aintzat hartzen duen egitura bakarra da, eta Cecile Duflot frantses Etxebizitza ministroak duen «Etxebizitza eta hirigintza» lege egitasmoarekin desagertzeko arriskuan dela salatu zuten atzo Iparraldeko EPFLn diharduten hautetsiek. Lege egitasmo horren bidez, Estatuko lurren egitura publikoak orokortu nahi ditu frantses Gobernuak, eskualde guztietan ordezkaritza bana sortuz.
Proposamen hori «iruzurra» dela uste dute lekuko hautetsiek. «Horrekin eskualde mailako zentralismo bat sortu nahi da, eta hori estatu mailako zentralismo bat baizik ez da», salatu zuen, izan ere, Jean Rene Etxegaray Baionako hautetsiak. Frantses Gobernuak, proiektu hori proposatuz, egiturarentzat Ipar Euskal Herrian finkatu den fiskalitatea bereganatu nahi duela ere uste du Etxegarayk.
Mozioa
«Estatuak, berriz ere, lurralde honi adierazten dion ukapena agerian jartzen du gai honekin. Mespretxutik at, gertakari honekin, Estatuak egituraren fiskalitatea lapurtu nahi duela argi dago», azpimarratu zuen. Lurren salerosketa bakoitzetik zortzi euro joaten dira, izan ere, Lurren Egitura Publikora. «Diru hori gure lurraldeko zerga bat da, eta Estatuak nahi du diru hori Parisera eraman», salatu zuen, berriz, hautetsiak.
Egoeraz kezkaturik, joan den apirilaren 19an egindako biltzar nagusian mozio bat bozkatu zuten, eta bertan, Cecile Duflot ministroari eskatzen diote tokian tokiko lurren egitura publikoak mantendu ditzala.
Eskualdeen arteko berdintasunaren izenean, «eskualde guztietan berdin egin nahi izatea» uste okerra da, Martine Bisauta hautetsiaren iritziz. «Lurraldea ezagutu behar da egitura hori kudeatzeko».