GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lokal bat salatu du SOS Arrazakeriak, bi gazteri sarrera debekatzeagatik

p016_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

Arabako SOS Arrazakeria elkarteak Gasteizko erdialdeko lokal baten arduradunen «trataera arrazista» salatu zuen atzo, bi gazte senegaldarrei sarrera debekatzeagatik.

Aliouk, jokabide hori jasan duen gazteak, prentsaurrekoan azaldu zuenez, pasa den larunbateko goizaldean gertatu zen hori, San Prudentzio kalean dagoen taberna batean.

Aliouk azaldu zuenez, bera eta Mamadou, Senegaleko beste lagun bat, lokal horretara gerturatu ziren, bertan sartu eta edateko zerbait hartzeko asmoarekin. Ezin izan zuten tabernara sartu, ordea, atezainak eragotzi zielako. Honek adierazi zienez, sartzeko gonbidapena behar zuten, baina han zebiltzan guztiak lokalera sartzen ari ziren, sarrerarik erakutsi gabe eta inolako azalpenik eman beharrik gabe.

Geroago, lokaleko arduradunak gau horretan jai pribatu bat egiten ari zirela adierazi zien bi lagunei, eta hortaz, ezin zutela sartu. Ez hori bakarrik. Alde egin ezean, poliziari deituko ziola esanez, mehatxatu ere egin zituen, nahiz eta azkenean ez zen halakorik gertatu.

Aliouk eta Mamadouk Arabako SOS Arrazakeria elkartera jo zuten, eta honek lokalaren kontrako salaketa jarriko duela adierazi zuen atzo.

Jardunaldiak Donostian

Bestalde, bihar eta etzi zirkulazio askatasunari buruzko eta egoera irregularrean dauden etorkinen atxiloketen aurreko alternatibei buruzko jardunaldiak izango dira Gipuzkoako hiriburuko Arrasate aretoan.

Hainbat arlotako 30 aditu batuko dira egunotan, egoera irregularrean diren etorkinen atxiloketari alternatibak lantzeko. Gai honen gaineko ikuspuntu aniztasuna bildu eta Europar Batasunari proposamena aurkeztea izango da topaketon helburu nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo