Zigortutako gazteak adina egoera larri
Zenbait urtetan bizi beharko lukeena egun bakan batzuetan bizitzeko ahalegina egiten ari da Donibane Lohizunen Nahikari, Aitor, Ekaitz eta Oihanek osatzen duten euskal sendi gaztea. Egun emozioz beteak dira, baina, zoritxarrez, Ekaitz eta Oihane txikiak egunez egun koskortzen ikusi, laztandu eta horien laztanak jasotzea ordeztu ezingo duten egunak. Nahikari Otaegik espainiar tribunalek ezarritako sei urteko kartzela zigorra osatu behar du, Madrilgo agintariek diotenez, legea bete behar baita, legea bidegabea izanda ere. Hasieran Oihana izango du berekin, zazpi hilabete baino ez du eta; Ekaitz hiru urteko semearekin, berriz, hilean behin besarkatzeko aukera izango du bi orduko bisitan, eta Aitor mutil-laguna ez daki noiz ikusiko duen berriro, hura ezin baita Estatu espainolera igaro.
Joan den astean Aske Gunean izandako elkartasun eztanda begi bistako fenomeno sozial garrantzitsua izan zen eta, gizarte baten osasunari eta bizitasunari dagokienez, balorazio on ugari jaso zituena; hala eta guztiz ere, balorazio horiek ezin dute gorde zigortutako gazteak adina egoera larri daudela. Otaegi eta bere sendiarena azken gazte kartzelatuen eta beste hainbaten egoeraren larritasunaren isla gordina da. Haren kartzelatzea erabateko familia-haustura izango da, datozen urteetan, ama-alabak batetik eta aita-semeak bestetik, bereiz bizitzera zigortuta, legea bete behar omen delako. Legea bidegabea izanda ere, halaxe sumatzen baitute gazte horien herrikide gehienek. Lege horrek eta legez kanpoko prozedurek, ordea, ez dakite testuinguru politikoaz, are gutxiago herritarren konponbide eta bake nahiaz.
Sei urteko kartzela zigorra osatzeko sartu berri dituzten gazteek, azken urteotan atxilotu eta kartzelatu dituztenek eta kartzelaren edo epaiketaren zain daudenek jasandako zigorra euskal gazteriaren aurkako erasoa da, baina kasu bakoitza drama pertsonala ere bada. Nork pentsa lezake egoera horiek bakearen eta bizikidetzaren aldeko edo «terrorismoaren» aurkako urratsak direla, Ekaitz eta Oihana txikien begi biziei begiratzeko gauza ez liratekeenez gain? Legea, ordea -latinezko esapidearen espainiar aldaeran-, legea da, bidegabea izanda ere.