GARA > Idatzia > Ekonomia

Maiatzaren 1ean, Akordio Interprofesionala «ozenki» salatzera deitu du LABek

Langile eta enpresaburuen arteko auziak bideratzen dituen Prud'hommes kontseiluan hitzordua eman zuen atzo sindikatu abertzaleak. Egitura horretan akordioak ondorio latzak izango dituela salatu zuen.

p030_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Frantses Parlamentuak aztergai duen Akordio Interprofesionala salatu zuen atzo beste behin ere LAB sindikatuak, eta horretarako, Baionako Prud'hommes kontseilua egoitzan eman zuen hitzordua.

Langile eta enpresaburuen arteko gatazkak argitzeko epaiketak bideratzen dira kontseilu horretan, eta LABek lau ordezkari ditu bertan: Maider Etsoan, Geronimo Prieto, Eren Muruaga eta Maider Duhalde. Laurak elkartu ziren atzo, eta Akordioarekin egungo langileen eskubideen «oinarrizko zutabea den lan kontratua ahulduko» denez, «segurtasun juridiko» eza sortuko dela salatu zuten.

Estatu frantseseko CFDT, CGC eta CFTC hiru sindikatuek eta patronalak izenpetua dute Akordio hori, eta frantses Parlamentuan onartua balitz, lan munduan «maila guztietan ondorio latzak» izango lituzkeela nabarmendu zuen Etsoanek.

Sindikatuko ordezkariek nabarmendu zutenez, akordioa «kapitalismo mundializatu baten logikan» sartzen da, izan ere, «akordioaren azterketa sakona egiten badugu, oinarrizko eskubideak ukitzen dituela ohartzen gara. Lehenago lan eskubidean erreferentziak zirenak orain enpresara pasa nahi dira, enpresa bakoitzak bere arau juridiko autonomoa izan dezan», ohartarazi zuten. Ondorioz, datorren maiatzaren 1ean, Ipar Euskal Herrian izango diren manifestazio ezberdinetan Akordio hori «ozenki salatzera» deitu dituzte langileak.

Malgutasuna lantegientzat

Akordioa dagoen horretan onartuko balitz, auzietan ondorio zuzenak izango dituela nabarmendu zuen, bere aldetik, Maider Duhaldek. «Lanpostu berriak sortzea lagunduz auzi judizialak erraztea» titulua daraman atalean emanak diren proposamenek langileen kanporaketak merkatzea ahalbidetuko dute kalte-ordainak apalduz, eta epaileei dagokienez, auzian zehar dituzten funtzioak murriztuko dituzte.

Egoera hori argitzeko hiru adibide eman zituen sindikatuak. Alde batetik, gaur egun, «formalitateak» garrantzi handia dauka Prud'hommes kontseiluko epaiketetan. Epailearen lanetariko bat da, hain zuzen ere, formalitate horiek bete diren begiratzea. «Askotan formazko akatsek edukia bera zalantzan jar dezakete», argitu zuen LABek. Akordio berriaren asmoetako bat da formazko akats horiek edukian ondoriorik ez izatea.

Kanporaketaren ondorioz enpresaburuek langileari ordaindu beharreko dirua ere murriztu nahi dute akordio horren bidez. Eta, azkenik, epaiketara joateko «preskripzio epeak laburtu» nahi ditu testu berriak.

«Epaiketak laburtu ordez auzitara jotzeko epea murrizten da, eta, ondorioz, hainbat langileri epaiketa bat izateko eskubidea ukatuko zaie», salatu zuen. Sindikatuaren iritziz, Akordio Interprofesionalak nagusientzat «flexibilitate gehiago» eta langileentzat «segurtasun eta eskubide gutxiago» ekarriko lituzke. «Guk, gaur egun dugun ereduaren alde egiten dugu, hau da, lan harremanetatik sorturiko arazo guztiak Prud'hommes-etan aztertuak izatea», nabarmendu zuten, azkenik, lau epaileek.

Maiatzaren lehena

Maiatzaren Lehenean hiru manifestaldi izango dira Ipar Euskal Herrian. Baionan, Lan Boltsatik abiatuko da nagusia, goizeko hamar eta erdietan. Hamaiketan, berriz, Ziburun eta Maulen emana dute hitzordua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo