LIBURUAREN EGUNA
Sant Jordi aitzakia, Bartzelona arrosaz eta liburuz gainezka
Milioi eta erdi liburu eta sei milioi arrosa ez dira zenbaki makalak, are gutxiago krisi garaian. Hori guztia erosi zuten atzo katalanek Sant Jordi eguneko «Diada» aitzakia hartuta, batik bat Bartzelonan. Nobela historikoa eta independentziari eta krisiari buruzko liburuak izan ziren arrakastatsuenak atzoko egunean. Argitaletxe handi eta txikien artean, Joseba Sarrionandia, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe euskaldunek ere beren lekua izan zuten.
Beñat ZALDUA | BARTZELONA
Urtero bezala, jai eguna ez izan arren, milaka lagunek Bartzelonako kaleak bete zituzten atzo Sant Jordi eguna ospatzeko, derrigorrezko arrosa eta liburuen bila. Garai batean ohitura emakumeek gizonei liburua, eta gizonek emakumeei arrosa oparitzea bazen ere, horrelako usadio zaharkitua aspaldidanik aldatzen hasia da. Hori bai, arrosa baino liburu gehiago saltzen jarraitzen da. Emandako datuen arabera, sei milioi arrosa -sektorearen urte bateko salmenten %40 Katalunian- eta milioi eta erdi liburu -18 milioi euroko fakturazioa-. Iazko zenbaki berak.
Borboien aurka 1714. urtean katalanek jasandako porrota ardatz duen «Victus» liburua izan zen, Liburu-saltzaileen Gremioaren datuen arabera, eguneko liburu salduena, bai katalanez bai gaztelaniaz. Liburuaren egilea, aldiz -Albert Sanchez Piñol-, ez zegoen Bartzelonan, ohi bezala liburuak sinatzen. Aurreko egunean azaldu zuen ez duela horrelakorik egiten miresten zuen idazle bat sinatzeko libururik gabe ikusi zuen egunetik, ondoan zuena -askoz txarragoa, bere ustez- gelditu gabe ari zen bitartean.
Urtero gertatzen dira halakoak. Atzo Ada Colau eta Frank Cuesta («Frank de la Jungla» programako protagonista) zeuden elkarrekin liburuak sinatzen. Zeini eskatu zizkioten sinadura gehiago? Bigarrenari, jakina. Salmentak ez baitira inuzenteak. Asteak dira jada Katalunian etengabe apustuak egiten direla, ea zein izanen zen libururik salduena, aldez aurretik ranking moduko bat osatuz.
Hala ikusi zuen ere atzo bere lehen Sant Jordi eguna izan zuen Arkaitz Cano idazleak: «Liburuen disposizioan ere nabaritzen da». Baina ez dira salmentak Sant Jordi eguneko gauzarik garrantzitsuena, Canok berak esan zuenez: «Egia da ere mila saltoki daudela, oso espezializatuak batzuk; arretaz begiratzeko eta tentazioan erortzeko leku perfektua da». Gainera, «goizeko bederatzietatik jendea liburuei begira ikustea oso gauza atsegina da», gehitu zuen lasartearrak, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako postuan «Twist» liburua sinatzen zuen bitartean.
Ez zen euskaldun bakarra izan Bartzelonan. Kirmen Uribek ere postuetan eman zuen goiz osoa «Mussche» liburuaren katalanezko eta gaztelerazko edizioak sinatzen -«El que mou el mon» eta «Lo que mueve el mundo», hurrenez hurren-. Duela gutxi katalanez aurkeztutako Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» -«Som moros dins la boira?»- ere bertan zen.
Nobela historikoak, salduenak
«Victus»-ekin batera, Ildefonso Falconesen «La reina descalza» eta Javier Serraren «El maestro del Prado» nobela historikoak izan ziren salduenak, gehien bat gaztelaniaz argitaratutakoak. Katalanez Silvia Solerren «L'estiu que comença» eta Màrius Serraren «Plans de futur» izan ziren arrakastatsuenak. Salmentetatik at, bertako Liburu-saltzaileen Gremioaren arabera, Albert Espinosaren «Brújulas que buscan sonrisas perdida»' eta Pilar Raholaren «El carrer de l'Embut» izan ziren arrakastatsuenak.
Fikzioa utzita, telebista katalaneko aurkezle Jaume Barbera-ren «S'ha acabat el bròquil» izan zen salduena katalanez eta Hiromi Shinya-ren «La encima prodigiosa» gaztelaniaz. Orokorrean, nabaria izan zen ere krisiaren eta Kataluniako prozesu independentistaren inguruko liburuen arrakasta.
Besteak beste, Ada Colauren «Sí se puede», Jose Maria Gay de Liebanaren «España se escribe con E de Endeudamiento», CUPeko diputatu David Fernandezen «Foc a la barraca» artikulu bilduma eta Vilaweb-en zuzendari Vincent Partalek idatzitako «A un pam de la independència». Era berean, hizkuntzaren aldetik joera aldatzen ari da. Datuek jakitera eman zutenez, «irakurleek gero eta gehiago jotzen dute katalanez idatzitako literaturara».
Gipuzkoako Emaus-ek tren eta autobus geltokietan liburuak oparitu zituen atzo, paper-pasta egiteko materia birziklagarria baino gehiago direla aldarrikatzeko. Elkarteak adierazi zuen gero eta liburu gehiagok paper-ontzian amaitzen dutela.
Liburua eta irakurzaletasuna bultzatzea izan zen, Hegoaldeko lau lurraldeetan, eguraldi onak markatutako Liburuaren Nazioarteko Egun hau ospatzeko hartutako ardatza. Elkar argitaletxeko Patxo Abarzuzak Iruñean esandakoak balio lezake ardatz hori, asmo hori azaltzeko: «Liburuak kalera ateratzea eta jendeak ikus ditzala, gauza miresgarria da; eta jendea liburura hurbiltzeko egiten den guztia positiboa da».
Bestalde, liburuaren eguna ez ezik, egile eskubideen eguna ere izan zen atzokoa, liburu saltzaileek zein idazleek aprobetxatu zutelako erakundeei pirateriaren kontrako neurriak har ditzatela eskatzeko.
«Egilearen eta irakurlearen artean bada liburua ogibide duten pertsona ezezagunek (zuzentzaileak, banatzaileak, inprimatzaileak eta abar) osatutako kate luzea. Egungoa bezalako krisialdietan, negar egiteaz gain, hura guztia sostengatu behar dugu, haren alde borrokatu egin behar dugu», esan zuen atzo, Bilboko azoka zabaltzerakoan, Toti Martinez de Lezea idazleak pirateriaren aurkako bere jarrera azalduz. «Ez dezala inork pentsatu salmentak direla guretzako kontu bakarra, liburuarekiko maitasuna zabaltzera ere etorriak garelako», gehitu zuen.
Azokako koordinatzaile Asier Muniategik liburu elektronikoaren gainean sortutako pirateriak liburu saltzaileei itzelezko kaltea egiten diela ziurtatu zion GARAri. Izan ere, Axesor kalifikazio agentziak estatu espainoleko datuak neurtuz kaleratutakoaren arabera, liburu elektronikoen irakurle kopurua %280 handitu da azken bi urteotan. Baliteke, beraz, hortik gertu egotea salmenten beherakada azal dezakeen faktoreetako bat.
Iruñean ere krisialdia eta pirateria izan zituzten hizpide: «Kanpoko krisialdiek beste sektoreek baino min gutxiago egin ohi digute, baina hain handia da egungo honek kontsumoari egindako kaltea, oraingo honetan liburura ere heldu baita. Esandakoari euskarri elektronikoa gehitzen badiogu, kinka larrian gaudela esan daiteke», adierazi zuen Abarzuzak.
Bestalde, asko ziren -eguraldi onak, deskontuek eta hainbat idazleren presentziak animatuta- hiriburuetako azokak bisitatu zituztenak. Jendez gainezka ez bazeuden ere, jendearen joan-etorria etengabekoa izan zen egun osoan.
Baina azokez gain, hainbat eta hainbat ekintza egin ziren egun osoan irakurzaletasuna sustatzeko asmoz. Jakina da literatura ez dela bat-batean maitatzen, eta txikitan landatu behar den hazi bat dela. Horregatik, nabarmentzekoak dira haurrei eskainitako ekintzak. Donostiako Gipuzkoa Plazan ezarritako karpa batean zein Bilboko udal liburutegietan, adibidez, ipuin kontalariak egon ziren.
Donostiako udal liburutegiaren zenbait ale zeuden karpan bertan, eta batzuek maileguan eraman zituzten etxera, beste batzuek bertan irakurtzen zituzten bitartean.
Prestatuta zeuden ekintzen artean irakurraldi publikoak ere izan ziren. Bilboko Unamuno institutuan Kirmen Uriberen «Bilbao-New York-Bilbao» liburua aukeratu zuten horretarako. Bilboko azokan bertan nahiz Iruñeko Gurutzeko Plaza institutuan, berriz, «On Quixote» izan zen hautatutakoa. Azken honetan, Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek hartu zuen parte.
Udal ordezkariek parte hartu zuten Donostiakoan. Hala, Juan Karlos Izagirre alkateak Donostiako 1813ko sutearen inguruko testuak irakurri zituen, hondamendia gogora ekartzeko asmoz. Nerea Txapartegi kultura zinegotziak, berriz, Aitziber Etxeberriaren «31 baioneta» liburuaren zati bat irakurri zuen. Bestelako testuak irakurri ziren arren, garrantzi handiena hartu zuen gaia alkateak hautatutakoa izan zen, alegia, hiriaren suntsipena. Arratsaldean, Iñaki Egaña, Joxe Antonio Azpiazu eta Javier Sada idazleek mahai-ingurua egin zuten, hirurek kaleratu berri baitute 1813ko gertakarien inguruko liburu bana. Azkenak «Asalto a la Bretxa» liburuan (Txertoa) garaiko dokumentuetan esandakoak biltzen ditu, historia testuak irakurtzera ohituta ez dagoen bati eskaintzeko asmoz. Donostia, inguruan zegoen gerra giroaren ondorioz, harresiz inguratutako hiri bat zen. Hori aintzat hartuta, Sadaren ustez, «garrantzitsuagoa da duela 150 harresi horiek erori zirela, hiriaren suntsipena baino, orduan hasi zelako Donostia egun den hiriaren itxura hartzen». A.H. / N.B.
Azkenaldian modan jarri da liburuak «askatzea»; hau da, espresuki prestatutako puntu zehatz batean edota kalean liburu zaharrak uztea, beste norbaitek jaso eta irakur ditzan. Liburuaren Eguna izaki, ehunka askatu zituzten ekimen hori sustatzeko.