ARTEA
Alain Urrutia bilbotarrak bakarkako erakusketa bat irekiko du Pekinen
Alain Urrutiak (Bilbo, 1981) bakarkako erakusketa bat eskainiko du bere pinturekin Pekingo EGG Gallery arte-galerian, MA Studio erakunde txinatarrak Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin sustatutako «Goazen Txinara!» programan parte hartu eta gero. Txinako egitasmo horretan bekadun izandako lehen artista da Urrutia, eta bere erakusketa, «Gazing Again», ekainaren 27ra arte egongo da ikusgai. Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, erakusketan, Pekingo MA Studion burutu duen egonaldian sorturiko pinturak izango dira ikusgai, tartean formatu handiko eta txikiko margolanak.