GARA > Idatzia > Kultura

Bertso-eskolen Egunak 200 ikasletik gora bilduko ditu igandean Pasai Donibanen

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak igande honetan ospatuko du Bertso-eskolen Eguna. Bederatzigarren edizio hau Pasai Donibanen egingo da eta lehenengo aldiz hamalau urtetik beherakoei soilik egongo da bideratuta -hortik gorakoek otsailean ospatu zuten-. «Orain artean, denentzat egun bakar bat antolatzen zen, baina haurrentzat antolatutakoa ez zen beti ondo doitzen gaztetxoen beharretara», azaldu zuten elkarteko arduradunek.

200 ikasletik gora izango dira edizio honetan parte hartuko dutenak, eskola orduz kanpo bertso-eskoletan diharduten neska-mutilak hain zuzen. Antolatzaileek adierazi zutenez, topaketa honen helburua ikasleak mugimendu baten parte sentitzea da, eta «ez soilik euren herriko bertso-eskolako parte». Bestetik, herri desberdinetako lagunekin harremanak garatu ditzaten bultzatu nahi da.

Goizean 10.30ean izango dute hitzordua Pasai San Pedron eta txalupan pasako dira Donibanera. Bertan, Juanba Berasategik diseinatutako kamiseta arrosa jantziko dute. Karramarroa izango dute protagonista kamisetek, bertsoaren sortze prozesua ere atzeraka egiten dela irudikatuz. Herriko kaleetan zanpantzarrekin paseatu ondoren, 11.00etan Lur Korta ipuin kontalariaren eta Paul Beitia, Beñat Azaldegi eta Jon Gurrutxaga bertsolari gazteen saioa izango da. Bazkariaren ondoren, piraten jinkana egingo dute 14.00etan eta 17.00etan jarri dute etxera itzultzeko ordua.

Elkarteak adierazi zuenez, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, Transmisio sailak hiru erpineko hiruki bat islatzen du bere plan estrategikoa azaltzerakoan. Hezkuntza arautuan egonkortzen ari den «Gu ere bertsotan» proiektua, eskola orduz kanpoko bertso-eskolak eta jarduera osagarriak. Bide honen harira antolatu dugu aurtengo Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo