Gonzalo Chillidaren atzera begirako erakusketa Donostian
Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran, Gonzalo Chillida (1926-2008) artista donostiarraren erakusketa izango da ikusgai apirilaren 25etik ekainaren 15era. Euskal panoraman XX. mendearen bigarren erdialdean izan dugun margolari garrantzitsuenetakoa da Chillida.GARA | DONOSTIA
Denboran zehar margolariak berak babestu, eta bilduma pribatu bat balitz bezala, bere estudioan kontu handiz gorde zituen lanak ikus daitezke Ganbaran. Artista hil zela bost urte direla, bere seme-alaba Gonzalo eta Alicia Chillidak komisariatutako erakusketa honek 100 obra inguru jasotzen ditu eta gehienak lehen aldiz ikusteko aukera izango du bisitariak. Ibilbide kronologikoa jarraitzen dute margolanek, erakusketa 50eko hamarkadan hasi eta Gonzalo Chillidaren bizitzaren amaierara arte doalarik.
Formatu txiki eta ertaineko margolanak dira guztiak, atzera begirako ikuspuntu batetik aukeratutakoak. Horrez gain, Chillidaren argazki-lanak ere ikus daitezke, baita arkitekturarekin elkarrizketan egituratutako proiektu batzuk ere.
Bestalde, apirilaren 25etik aurrera www.gonzalochillida.com webgunea abian jarriko da, artistaren lana katalogatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin egindakoa.
Abstrakzioa eta figurazioa
Lehendabiziko bodegoiei -geometria protagonista dela forma eta kontzeptuaren bilaketan- formek jarraitzen diete, igeltsuzko eskultura eta collage bidez, non natura den funtsezko modeloa: mineralen kristaltzea, fosilen aztarnak, harkaitzen forma estratifikatuak, mendien planoen gainjartzeak.
Horiek guztiak esperimentaziorako alorra dira, 1960an edertasunaren eta errealaren misterioa atzemateko ikur bilakatzen den gunea aurkitzen duen arte: itsasoaren eta hondarraren arteko muga, iheskorrena iraunkor bilakatzen duena, zeruko argiaren isla uraren arrastoaren gainean. Hortik aurrera, bere lanaren hari kronologikoa ezabatu egiten da eta gaia abstraktu bilakatzen 2007ko data duten azken lanetara iritsi arte.
Bitarteko leku honen aurkikuntzarekin «hondarrak» sortari ekiten dio. Itsas ikuspegi, zeru eta basoekin batera, bere obraren gai nagusi bihurtzen da gai hau. Bere hiriko bistetan, mendietakoetan edo Gaztelakoetan birsortzen duen paisaia ere ezin ahaztu, non gandua, elurra edo argia diren protagonista.
Erakusketa honetako obra hautaketak erakusten du Gonzalo Chillidaren pinturak balantza egiten duen bi eskalen arteko (makro eta mikro) tentsioa. Naturaren aurrean duen ikuspegi pertsonala hemen nabarmentzen da. Elkarbizitzan jartzen ditu bistarik zabalenak gune piktorikorik txikienean, hala nola mihise handi batean handitutako paisaiaren xehetasunik txikienaren magnifikazioa.
Margolaritzarekin batera, artistaren argazkilaritza lan batzuk ere erakusten dira lehen aldiz erakusketan.