KRONIKA | ZARATAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Eguneroko bezain kaltegarri dugun arrisku ikusezina
Zarataren kontrako kontzientziazioaren nazioarteko eguna izan zen atzo. Hori dela-eta, zenbait ikerketa zentro kalera atera ziren eguneroko zenbait soinuk eragiten diguten kalteaz ohartarazteko. Loak hartzeko arazoak, kontzentraziorako oztopo, eta epe luzera, bihotzeko arazoak eragin ditzake euskal hiriburuetan lan egiten dugunon etsai ikustezin honek.
Mikel PASTOR
65 dezibelio. Hori da Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) giza entzumenerako gomendagarritzar hartzen duen muga. Hortik gora, arazoak zor daitezke epe ertain-luzean, hasierako entzumen arazo logikoetatik bihotzeko arazoetaraino. Tartean, lo egiteko arazo latzak edo kontzentrazio galerak eragin ditzake gehiegizko zaratak.
Gure eguneroko errealitateari bistazo bat emanez ikus dezakegu dezibelio kopuruak nabarmen gailentzen duela langa sinboliko hori. Atzoko eguna baliatuz, entzumenaren inguruko ikerketa zentro batek proba bat egin zuen Bilboko erdialdeko Plaza Biribilean. Emaitzak argigarriak dira oso: herrialde honetako edozein hiriburutan, goizeko ordu normal batean, muga horiek erraz hausten dira, 80 dezibeliotik gora eginez.
Christian Illarraza adituak GARAri azaldu dionez, estatu espainola munduko bigarren estaturik zaratatsuena da, Japoniaren atzetik. Hiriei bakarrik so eginda, kutsadura akustikoaren lehendabiziko postuetan Bilbo agertzen dela zehaztu digu. Hiri guztiak antzeko marketan mugitzen dira lanegunetan zehar, baina batez besteko neurri horiek izugarri egin dezakete gora salbuespen egoeretan: autoen klaxonekin, manifestazio edo kontzentrazio zaratatsuetan, trafikoa bor-bor dagoen orduetan... 100 dezibelioetatik gorakoa izatera irits daiteke zarata.
Zein dira marka kaltegarri hauek eragiten dituzten kausak? «Alde batetik, argi dago, ibilgailuen trafiko handia, bestetik, egunez egun egiten diren obra ugariak. Ez dugu ahaztu behar aisialdiaren mundua ere. Taberna eta antzekoetan 90 dezibelio izaten dira gutxienez. Egunerokotasunean hori jasatea sekulako kaltea da entzumenerako», azaldu digu Illarrazak.
Nola egin aurre honi? «Zarataren dieta» delakoa martxan jarriz. Hotsandiko izen horrek adierazten duena, zentzuz jokatzea baino ez da: bakoitzak bere etxean zarata handiak ekiditea, arlo profesionalean behar diren babesgailu guztiak erabiltzea, eta gauetan arduraz jokatuz: mugikorren kargadore eta gailu elektrikoek ondorio negatiboak eragiten dituzte, eta esaterako, lo egiteko gomendagarria da inguruko zarataren neurria 40 dezibelioetara jaistea.
ohituraren indarra
Halere, arrisku honek ez ditu norbanakoak gehiegi estutzen. Kalean kontsultatutako gehiengo zabal batek zaratarekin bizitzen ikasi duela azaldu digu, inolako kalterik ez dutela nabaritu azpimarratuz.
«Bai, egia da Bilbon zarata handia dagoela, gehienbat erdialdean, baina ez beste hirietan baino gehiago. Ni neu nahiko ohituta nago, eta egunerokotasunean ez dit arazo handirik sortzen», adierazi digu bikote gazte bateko kideak.
Kontsultatutako beste norbanakoek ere antzera erantzun dute: zarata bai, badago, baina ohitura eta egunerokotasuna direla-eta, arriskuaren aurreko beldur edo errespetu hori ezabatu egin da.
Halere, bestelako iritziak ere badaude: «Bilbora jaisten naizen bakoitzean sekulako aldaketa igartzen dut, zenbaitetan buruko mina eragitera heltzen da», azaldu digu Pablok, Algortako gazte batek.