GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Ramon Balenziaga Etikarte

Oinarri etiko erkide baten bila

Bizikidetza politiko eta sozialeko oinarrizko giza balioei zor zaien leialtasunak eman behar die sendotasuna gure herriaren gizarte- bizikidetza erak inspiratu eta zehaztu behar dituzten arau edo irizpide etikoei

ETAk indarkeria armatuaren erabilpenari behin betiko uko egin ondoren, nahitaezko baldintza guztiok bakean bizi ahal izateko, jakinaren gainean gaude, errealitate horretatik abiatuta, beste urrats batzuk ere egin beharrean izango garela bake egoera beteago batera heldu nahi badugu. Etorkizunari begira jarrita, batez ere. Hau da, beharrezkoa den guztia egiteko borondatea erakutsi beharko dugu azken urte hauetako bortizkeria eta odol-esperientziak berriro errepika ez daitezen. Horixe da, itxura guztien arabera, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Mahaiaren funtsezko helburu edo xedeetako bat.

Testuinguru horretan, eta bilatzen duguna lortzeko bidean, berebiziko garrantzia hartu du, dirudienez, etorkizunera begira gauzatu nahi den bake horren euskarri eta sendogarri izango den oinarri etikoari egiten zaion erreferentziak. Eta deigarria gertatzen da, egia esan, berria baita hori gure ingurumari honetan. Ez dago denboran oso atzera egin beharrik, Etikaren erreferentzia eta dimentsio hori -portaera soziopolitikoen inspiratzaile eta baldintzatzaile gisa- gure artean ez zela existitzen egiaztatzeko. Bazitekeen gizabanakoaren portaerari zegokion zerbaitetan Etikaren aipamenen bat egitea. Baina inoiz ez arlo publikoan, zeina, batez ere, «eraginkortasun» irizpideek gobernatzen baitzuten. Izan ere, aginpidea edo boterea -zen motatakoa zela- egikaritzearen bitartez iristen ziren helburu politiko edo ekonomikoen arabera neurtzen zen eraginkortasuna.

2. Oso baliagarria izango zaigu une batez gelditu eta gertakari hauen azpian egon daitekeenaz gogoeta egitea. Hala, nekezago eroriko gara frustrazioan eta desilusioan, arrisku hori bailegoke ezjakintasunaren ondorioz gure itxaropenek huts egingo balute. Huts egiteko aukerak erakutsi behar liguke, bestalde, bakearen oinarrian ezarri behar dugun etika horrek egia izan behar duela euskarri. Egia «gizarteratua» edo, nahiago bada, sozialki partekatua. Izan ere, etika horri leial izanez erdietsi nahi diren helburuak sozialak dira, hau da, gizabanakoei ez ezik, gizarteari ere eragin behar diote, kolektiboari interesatu behar zaizkio, bereziki. Bakeak guztiona eta guztiontzat izan beharko baitu, denon artean osatzen dugun herriaren bakea izatea nahi badugu.

Etika benetakoa izango bada, zerbaitek edo norbaitek, pertsonaren barruan edo kanpoan dagoenak, pertsona horren askatasuna -zerbait egiteko edo ez egiteko duena- era jakin batean erabiltzera behartzen edo obligatzen du. Beraz, pertsonaren askatasuna -edo kolektiboarena- egotea eskatzen du, baina, era berean, askatasunaz kanpoko edo bestelako irizpide edo jarduera-modu batzuen mende egotea. Beharbada, etorkizunean bakea segurtatzeko ahalegin kolektibo honetan Etikara jo beharrak honako hau erakusten du: hain zuzen ere gizarteak «bere askatasuna» egikaritzeko gai eta eskubidearekin ikusi duela bere burua, baina, agian, ez dela konturatu, benetan gizatiarra izango bada, askatasun horrek «mugak» izan behar dituela, eta askatasunaren beraren, bere interesen eta beroriek lortzeko bitarteko eraginkorren kanpoko zerbaitek inposatu beharko dituela muga horiek.

Baina etikak norberaren eta kolektiboaren askatasunari jartzen dizkion muga eta eskari positibo horiek beren dimentsio propioa dute. Etikaren ondoriozko ongiaren eta gaizkiaren dimentsioa, zehatzago esanda, eta horiek erabakitzeko orduan sartzen da jokoan egiaren erreferentzia ere, horrek, aurrerago, beste azalpen bat eskatzen badu ere. Halaxe da, gauza bat da historikoki gertatuari dagokion egia eta beste bat etikaren perspektibatik -ongiaren eta gaizkiaren ikuspegitik, alegia- errealitate horri egiten zaion balorazioari dagokiona. Hemen ere tartean sartzen da, ezinbestean, aurrez aipatutako giza askatasuna, hala gizabanakoarena nola kolektiboa. Hitz gutxitan esanda, gizabanakoa eta gizarte taldeak zenbateraino diren aske planteatu beharko da, berentzat ona edo txarra denaren egia zein den zehazteko orduan.

Ez da hau, inondik ere, garrantzirik gabeko kontua, hain zuzen ere, orain esku artean dugun baketzearen gaiari gagozkiola, eta, zehazkiago, Bake eta Bizikidetza Mahaian egin beharko den lanari. Hainbaten iritzian, izan ere, «ez dago etika [bakar] orokorrik. Etika unibertsalaren ideia ideologia kontserbadorea da guztiz, indarrean dagoen ordenaren eta injustiziaren ankertasun guztia bere horretan mantentzen baitu. Ez dago egiaren etika besterik». Zilegi da, hortaz, hasiera-hasieratik planteatzea zer neurritan eta zer baldintzatan diren bateragarri Etikari buruz dauden gizarte adostasun desberdinek aldeztutako baketze proiektuak eta, orain aldarrikatzen den bezala, memoria historiko desberdinetako egia orobat desberdinetan oinarritutakoak.

3. Bizikidetza politiko eta sozialeko oinarrizko giza balioei zor zaien leialtasunak eman behar die sendotasuna gure herriaren gizarte-bizikidetza erak inspiratu eta zehaztu behar dituzten arau edo irizpide etikoei. Ezin uko eginezko helmuga izan behar du horrek baketze prozesuan. Hori horrela izanik, egia da, orobat, den bezalakoa dela bizi dugun errealitatea, eta ez guk nahi genukeen bezalakoa. Errealitate horren egiara doitu beharko dira, beraz, eman beharko ditugun urrats kolektiboak. Errealitatea -hau da, errealitatearen egia- artifizialki itxuragabetu gabe, baina, era berean, egiten diren urratsen eraginkortasun handiagoaren edo txikiagoaren egia ere desitxuratu gabe. Horrela jakingo dugu guztiok non gauden batzuk eta besteok, ilusio faltsurik gabe, errealismo sanoz, arazoak ebazteko borondate irmoarekin, orain posible den neurrian. Eta izan beharko lukeena, pixkanaka, posible denaren esparruan barneratuz joango den itxaropenarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo