Iñaki Lizundia Alvarez eta Itziar Sanchez Gaubeka Preso politikoa eta Haritzkandako Memoria Historiko taldekoa
Agur eta ohore, Perezaguako gudari gazteak
Perezagua batailoia, PCEkoa eta Euzkadiko Ejerzitoa delakoaren hamargarrena, guretzat ez da komunisten batailoi soil bat izan
Apirilaren 4an Arabako Zigoitia udalerrian Espainiako faxistek erail eta lurperatu zituzten Perezaguako hamaika milizianoen gorpuzkiak errekuperatuak izan dira Aranzadiren lan onari esker. Perezagua batailoia, PCEkoa eta Euzkadiko Ejerzitoa delakoaren hamargarrena, guretzat ez da komunisten batailoi soil bat izan; Bizkaiko meatze aldeko langileen eskuzabaltasuna eta konpromisoaren eredu borrokalaria ere izan zen. Batailoi honen gehiengoa Gallarta, Las Carreras, Ortuella eta Muskizeko jendearekin osatua izan zen; Enkarterriko beste herrietatik ere milizianoak batu ziren: Barakaldo, Sestao, Galdames, Sopuerta, Trapagaran... Ahaztu gabe Bilboko meatzari eta gazteak, Bermeoko milizianoen taldetxoa, donostiarrak edota nafar batzuk... Facundo Perezagua meatzarien aldeko borrokalariaren izena gogoratuz, komunisten ideia, lan sozial eta egituraketari esker, gure meatzari asko 1936ko gudan konprometitu ziren, zapalkuntzaren aurka eta askatasunaren alde.
Askotan lehenengo lerroan Legutioko frontean, Asturiaseko Pando mendian, Barazarren... ia 200 hildako inguru, bi aldiz guztiz desartikulatuta eta oraindik Bartzelonako frontean miliziano batzuek batailoia berriz osatzea pentsatu zuten. Errepublikaren etorrerak itxaropenez bete zuen meatze aldea, behingoz langile eta herriaren alde aritzen ziren indar desberdinek aukera bat zuten bizitza osoan jasandako kapitalismoaren zapalkuntzatik askatzeko. Baina aukera sortzea ez da nahikoa, aukera hori gauzatzen ez bada, aukera politikoaren aurrean zapalkuntza sozial larria zutelako.
Meatzeak kapitalismoaren krisien labirinto amaiezinean sartuak ziren 1921etik; langabezia tasa handia, pobrezia eta gosea eguneroko errealitatea ziren. Kontraesan eta oztopoen gainetik, bazterkeria politikoa, posibilismo eta erradikaltasunaren arteko oreka zaila, Neguriko oligarken eraso sozial, ekonomiko eta politikoak, herrietako kontratisten eta espainiar eskuineko indarren lan zikina, indar armatuen errepresioa... Meatze aldean alternatiba politiko eta sozialak sortzeko kapazak izan ziren. Udalak herrien interesen menpean jarriz, herrietatik sortutako langileen kooperatibak, talde kultural edo kirolzaleek herrien bizitza egituratzea lagunduz...
Erantzun irmoak ere eman behar izan zituzten, 1934ko urriko greban bezala, non jasandako errepresioa garrantzitsua izan zen: bonbardaketak, Guardia Zibila eta Armadaren okupazioa, ihesaldiak, udaletxeak tortura zentroak bezala erabiliaz eta espetxeratu asko, amnistiaren aldarria meatze herrien lehentasuna bihurtuz. Pertsona bakoitzaren bizi ezaugarrien arabera, eta mistifikazioetan erori gabe, giro horretan bizi eta kontzientzia hartu zuten Perezagua batailoia osatu zuten meatzariek. Horrela izan zen haien DNA politiko eta soziala, meatzetan edo faxisten hilobietan lurperatu nahi izan zuten DNA. Meatzarien identitatean dagoen DNA zati bat, eta gure memorian dagoen zorra ere bai... Agur eta ohore, miliziano gazteak!